Irailean dantza izango da protagonista Errenterian

Aurten, dantza ikuskizun profesionalez beterik dator iraila. Artista lokal zein internazionalak arduratuko dira hilabete osoan zehar herriko areto eta plazak girotzeaz euren obra ezberdinekin.

Maitaldia jaialdiak emango dio hasiera dantza denboraldi honi. Hilaren 7tik 17ra bitarte iraungo duen festibal honetan, Aterballetto ballet konpainiak hilaren 10ean, igandean, eskainiko du lehen aldiz ‘Storie’ izeneko obra Errenterian. Lekuona Fabrikan izango da arratsaldeko 20:00etan.

Jarraian, aurten 10.edizioa beteko duen Atlantikaldia jaialdiaren barruan, Kukai Dantza konpainiak ‘Yarin site specific’ izeneko lana aurkeztuko du irailaren 16an, larunbatean. Honek kulturen arteko topaketa bat proposatzen du, non Jon Maya dantzaria eta Andrés Marín bailaorea, Julen Achiaryren zuzeneko musikaz lagundurik, elkarrizketa zintzo batean topatzen diren euren arteko ezberdintasunak agerian utziz eta haien bitartez elkarrekin bide komun bat eraikiz. Obra, dantza ikuskizunetarako egokitua izango den Torrekuan eskainiko dute eguerdiko 13:30ean.

Atlantikaldiako ikuskizunekin jarraituz, egun berean Share nazioarteko proiektu soziokulturalaren markoan, beste hainbat dantza-lan aurkeztuko dira Torrekuan arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Errenteriak proiektu honetan duen parte-hartzeari esker, Atlantikaldia Ghana, Frantzia, Kroazia, Burkina Faso, Cameroun eta Euskal Herriko artisten agertoki izango da; haien artean, Charlotte Manu (Ghana); Gabriel Bokorvi (Ghana); Manu Gaigne Beobide (Euskal Herria) Jone Amezaga del Frago (Euskal Herria); Tessa Ljubic (Kroazia); Raymond Siopathis (Frantzia); Tchina Ndjidda (Frantzia); Djibril Ouattara (Burkina Faso) eta Tchina Ndjidda (Kamerun) izango dira besteak beste.

Ildo beretik, 21ean ‘My dearest rituals’ ikuskizunaren estreinaldia eskainiko dute dantzari horiek Share proiektu beraren barruan. Obra hau Lekuona Fabrikan aurkeztuko dute arratsaldeko 19:00etan.

Irailak 22an, Dantza hirian jaialdi ibiltaria helduko da Errenteriara. Honek, gaur egungo dantza-programazioa eskaintzen du Akitania-Euskadi esparruan eta aurten 18. edizioa ospatuko du 6 udalerritan barrena: Irunen, Biarritzen, Donostian, Hendaian, Hondarribian eta Errenterian. 3 ikuskizun ezberdin eskainiko dira herrian; lehena, ‘Cordoba Drone’, arratsaldeko 19:00etan izango da Herriko plazan Daniel Hernández dantzariaren eskutik. 19:20ean, Olatz Andresek ‘Doppel-Leo’ izeneko lana interpretatuko du toki berean. Azkenik, Arnau Perezek emango dio amaiera arratsaldeari ‘Vibra’ obrarekin 19:40ean Xabier Olaskoaga plazan.

Iraileko dantza programazioaren azken ikuskizuna, ‘Analëmma’, Led Silhouette konpainiako Jon Lopez eta Martxel Rodriguez kideek eskainiko dute hilaren 28an. Dantzaguneko Atalak programaren baitan landutako egonaldi irteera gisa Niessen Kulturgunean izango da arratsaldeko 19:00etan.

Aukera galdu nahi ez duten horiek dagoeneko eskuragarri dituzte irailak 10ean eskainiko den ‘Storie’ eta 21eko ‘My dearest rituals’ ikuskizunetarako sarrerak sarrerak.errenteria.eus helbidean zein presentzialki Lekuona Fabrikan.