Errenteriako Udal Gobernu Taldeak 2024rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du

• % 2,6ko eguneratzea aplikatzea proposatu dute, egungo KPIari lotuta

• Fiskalitate justuago baten planteamendua aurrera doa, progresibitatea prezio publiko gehienetan ezarriz

• Proposamenak, gainera, hobari eta izozte sorta bat jasotzen du, besteak beste, trantsizio ekologikoa, tokiko garapena, etxebizitzaren funtzio soziala eta babes soziala bermatzeko.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Maite Gartzia, alkateordea; Aizpea Otaegi, alkatea; Eneko del Amo, Ogasun zinegotzia

2024ko aurrekontua prestatze aldera, Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak ordenantza fiskalak % 2,6 eguneratzea proposatu du. Kopuru hori egungo KPIaren araberakoa da, eta zerbitzu publikoak mantentzea eta prezioen igoera orokor nabarmenari aurre egitea ahalbidetuko du, betiere, fiskalitate justuagoan sakonduz.

Udal Gobernuak dagoeneko aurkeztu die proposamena oposizioko taldeei, eta urriaren 31n egingo den Osoko Bilkuran jorratuko da gaia, datorren urteko zerga-politikaren behin betiko onarpena urtearen amaieran izateko borondatearekin.

Proposamenak progresibitate fiskala prezio publiko gehienetan aplikatzea jasotzen du, eta izozteak eta hobariak jasotzen ditu gizarte-erronka nagusiekin lotutako arloetan: trantsizio ekologikoa, tokiko garapena, etxebizitzaren funtzio soziala eta gizarte-babesa.

Trantsizio ekologikoa bultzatzea

Trantsizio ekologikoaren esparruan, hobari hauek proposatu dituzte:

• Hobari garrantzitsuak Ondasun eta Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) autokontsumorako energia berriztagarria ekoizten duten eta/edo energia-komunitateetako kide diren erkidego, etxebizitza eta enpresentzat.

• OHZren eta Zirkulazio Zergaren hobariak, ibilgailuentzako eta auto elektriko eta hibridoentzako kargagailu elektrikoak instalatuz elektromugikortasuna bultzatzeko.

• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) hobaria zabaltzea mugikortasun planak eginez mugikortasun iraunkorra sustatzen duten enpresentzat.

• Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) hobaria saneamendu-sistemara konektatzen diren auzo-komunitateen eta partikularren obretarako, uretara zuzenean egiten den isurketa murriztuz (0 isurketa).

Tokiko garapena sustatzea

Hona hemen toki-garapenarekin zerikusia duten zerga-proposamenak:

• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) izoztea.

• Establezimendu berriak irekitzeko, bide publikoa okupatzeko eta azoka txikia egiteko tasak izoztea.

• Merkataritza, ostalaritza eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerari (lehen sektorea) Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari (EIOZ) hobariak.

• Ur- eta estolderia-zerbitzuen prezioak izoztea.

Etxebizitzaren funtzio soziala babestea

Errenteria, etxebizitzari dagokionez, Tentsio Handiko Eremu izendatzeko hasitako bidearekin koherenteak diren ekintza sorta bat planteatu dute:

• Etxebizitza hutsak mobilizatzen laguntzea, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) % 150eko errekargua aplikatuz.

• OHZren hobariak 5 urtera zabaltzea alokairu sozialerako babes publikoko etxebizitzen eraikuntzan.

• OHZren hobaria etxebizitza pribatuko bitartekaritza-programa publiko gehiagotara zabaltzea, alokairu soziala bultzatzeko.

• Espekulazioa geldiaraztea, gainbalioen zergan pixkanaka karga aplikatuz.

• Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) izoztea.

• EIOZren hobariak jasotzeko eremuak handitzea Birgaitze Integraleko Eremuetan, Bizitegi Area Degradatuetan eta Hiria Berroneratzeko Eusko Jaurlaritzaren Programetan.

• Etxebizitzen birgaitze integralaren arloko hobariak handitzea, baita Eraikinen Ikuskapen Teknikoetan (EIT) jasotako obretakoak ere.

Gizarte-babesa

Gizarte-babesaren arloan, hau proposatu dute:

• Etxebizitza tutelatuetako eta aldi baterako bizitokiko etxebizitzetako zerbitzuen tasak izoztea.

• Etxez etxeko arreta-zerbitzuan ere tasak izoztea. Zerbitzu hori 300 familia baino gehiagorengana iristen da, eta eskari handia jasotzen du. Zerbitzu horretan, aspalditik ari da Udala itxaron-zerrendarik egon ez dadin eta eskaera guztiei erantzuteko ahalegin handia egiten.

Hondakinen bilketa lege-araudi berrira egokitzea

Hondakinei buruzko lege-esparruak (7/2022 Legea, apirilaren 8koa, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa ekonomia zirkular baterako) hiri-hondakinak biltzeko sistema defizitarioa izan ez dadin eskatzen die udalei berriki onartu den legearen bidez.

Testuinguru horretan, % 8ko igoera fiskala proposatzen da etxeko hondakinetan, % 10ekoa jardueren hondakinetan eta % 12koa hondakinen ekoizle handietan, izan ere, gaur egun zerbitzuaren defizita % 47koa baita, alegia, kostuaren kasik erdia Udalak asumitzen du.