Azaroaren 13an hasiko da Motxian Eby bideo-erronka lehiaketa

Hirugarren urtez, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak “Motxian Eby” bideo-erronka lehiaketa antolatu du eskualdeko 12 urtetik 16 urtera arteko gazteentzat. Aurten, Julen Castillo aktoreak botako dizkie erronkak eskualdeko gazteei.
Guztira bi erronka izango dira.

Lehenengo erronka azaroaren 13an ezagutuko dute gazteek eta hilabeteko epea izango dute erronkari erantzuna emateko. Bigarren erronka, berriz, otsailean ezagutuko dute. Tartean, urtarrilean zehar, Asmazank lehiaketak antolatuko dira gazteekin eskualdeko herrietan.

Lehiaketa www.motxianeby.eus webgunearen bidez jarraitzeko aukera izango da. Bertan zintzilikatuko dira erronka bakoitzaren aurkezpen bideoa eta baita erantzun gisa egindako bideo guztiak ere.

Lanak www.motxianeby.eus webgunearen bidez bidali beharko dira. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta lehiaketari buruzko gainerako jakingarriak arestian aipatutako webgunean daude eskuragarri. Epeak honako hauek izango dira:
– Abenduaren 17a, igandea, lehenengo erronka entregatzeko azken eguna.
– Martxoaren 10a, igandea , bigarren erronka entregatzeko azken eguna.

Sariak
Zirikatzaile lanak egingo dituen Julen Castillok eta Kuadrillategiko gazteek erabakiko dituzte sarituak. Hauek izango dira sariak:
– Erronka bakoitzeko bideorik onena: 150€ko saria.
– Bi erronkak amaitzean, bideo guztien artean onena: 200€ko saria.
– Herri bakoitzeko bideorik onena: 50€ko saria.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu eskualdeko gazteak.