Ekintza andana Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Errenteriako Udalak sentsibilizazio-kanpaina jarri du berriro martxan mezu nagusi honekin: Guztiok indartsuago indakeriarik gabe.

Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, genero-desberdintasunen adierazpen larriena, botere-harreman desberdinetan eta emakumeen aurkako bereizkerian oinarritzen dena. Beraz, egiturazko arazoa denez, kanpaina honekin azpimarratu nahi da urteko egun guztietan indarkeria matxistarik gabe bizitzeko nahia.

Kanpaina honekin beste hiru mezu ere zabalduko dira: Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten diogula, emakumeok ez dugula baimenik behar askatasunean bizitzeko, eta eraso baten erantzulea erasotzailea dela. Era berean, Errenteriako Udalak indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeentzako laguntza, informazio eta orientaziorako udal baliabideak gogorarazten ditu: Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Etxea.

Kanpaina zabaltzeko erabiltzen diren euskarriei dagokienez, pankarta udaletxeko balkoian jarriko da eta kanpainako kartelak banatuko dira udalerriko udal eraikinetan, dendetan eta ostalaritzan.

Asanblada Feminsitaren deialdia

Errenteriako Udalak bat egiten du Oreretako Asanblada Feministak egin duen deialdiarekin eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu azaroaren 25ean, larunbata, 13:00etan Zumardian egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Ekimenak herriko ikastetxeekin

Hezkuntza-mahaiaren bidez, bi lanketa bideratu dira azaroaren 25aren harira:

Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek “Errenteria tratu onen alde” izeneko erakusketa osatu dute. Horregatik, herritarrak gonbidatu nahi dituzte tratu onen aldeko lanketa egin ostean sortutako lanak ikustera joatera. Erakusketa azaroaren 24tik abenduaren 15era egongo da ikusgai, Lekuona Fabrika parean.

Bestetik, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin bisita gidatuak antolatu dituzte azaroan zehar Emakumeen Etxera joateko. Bisiten helburua etxea bera eta bertan eskaintzen diren baliabideak ezagutzea da, gazteentzat baita erreferentziazko gune bihurtzea ere.

Interesguneak Lekuona Fabrikan eta Emakumeen Etxean

Aurreko urteetan bezala, Lekuona Frabrikak eta Emakumeen Etxeak hilabete osoan zehar bisitagai egongo diren indarkeria matxistei buruzko irakurketa interesguneak sortu dituzte.