Emakumeen Etxeak zaintzak gogoetaren erdigunean jarriz hasiko du urtea

Zaintzei buruz hausnartzeko beharra planteatuz emango dio hasiera Emakumeen Etxeak 2024ari. Horretarako, hiru jarduera desberdin antolatu ditu: erakusketa bat, dokuforum bat eta jardunaldi bat.

Lehenengoa Ángeles de la guarda argazki erakusketa da, migratzen duten emakumeen eta Perun seme-alaben zaintzapean geratzen diren emakumeen errealitatea erakusten duena.

Argazkiak Rosa Villafuerte argazkilari sozialak egin zituen Liman, 2010ean; Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan ama duten adingabe eta nerabeen zaintzaile gisa geratu ziren amonei.

Erakusketa urtarrilaren 11tik 31ra bitartean bisitatu ahal izango da, Emakumeen Etxearen ohiko ordutegian. Inaugurazioa hilaren 11n egingo dute bisita gidatu batekin, 18:00etatik 19:00etara. Bertan, argazkiak eta haien kontakizunak sakonean ezagutzeko aukera izango da erakusketaren sortzaileak diren Bidez Bide Elkarteko kideekin.

Bigarren jarduera Ainarak dokuforuma izango da , Emakumeen Etxean egingo dena urtarrilaren 18an, 18:00etatik 20:00etara.

Anne Etchegoyen abeslariarekin batera, 1870 eta 1940 artean Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek –ainarak izenez ezagutzen ditugunak, hegaztien antzeko migrazioa egiten zutelako– Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari helduko diogu. Espartinen industrian lan egitera joaten ziren eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin.

Dokumental hau denboran, geografian eta emakume horien egoera historiko eta pertsonaletan barrena egindako bidaia da; artxiboen, dokumentuen, argazkien eta elkarrizketen bidez. Annek bide bera egingo du filmean zehar.

Zaintzak, erdigunean

Zaintza-arkitekturei buruz hausnartzeko jardunaldia izango da urtarrileko azken jarduera Emakumeen Etxean, bi saiotan banatuta egongo dena.

Lehenengoa hilaren 25ean izango da, ostegunean, Zaintzaren Arkitekturak: Europako etxebizitza komunitarioen ereduetatik gure eredu fisikora izeneko hitzaldiarekin. Bertan, Irati Mogollón ikertzaileak Europako etxebizitza kolaboratiboen eredu ezberdinei buruz hitz egingo du; zahartze aktiboari, zaintza-sare eta arkitekturei buruz hausnartzeko aukera emanez.

Ostiralean, urtarrilaren 26an, Gure zaintza-arkitekturen bila tailerra egingo da, 17:00etatik 20:00etara, bizitza komunek edo komunitarioek dakartzaten erronkak eta ikaskuntzak aztertzeko. Gainera, Irati Mogollonek gure bizitzaren iraunkortasunari, gure zaintza-eredu eta -sareei eta Errenterian ditugun zaintza-azpiegiturei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaitu.

Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da, eta urtarrilaren 25eko hitzaldira hurbiltzea gomendatzen da.

Azkenik, Emakumeen Etxeko batzarra hilaren 16an egingo dute, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.