Zaintzak eta haur literatura izango ditu ardatz apirileko Emakumeen Etxeko egitarauak

Apirilean bi ekintza nagusi izango dira Errenteriako Emakumeen Etxeko programazioan, ohiko batzarraz gain: zaintzak ehunduko dituen collage tailer bat, eta haur literatura eta berdinasuna lotuko dituen dokumental baten aurkezpena.

Hilaren 11n, Zaintza ehuntzen: Collagearen bidez hausnartzen izeneko collage tailer bat izango da, arratsaldeko 17:30ean. Bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, emakumeenetxea@errenteria.eus helbidean edo 943 44 96 30 telefono zenbakian.

Collage teknikaren bitartez, zaintzaren inguruko esperientziak, emozioak, burutazioak, kezkak… islatzeko aukera egongo da. SOS Arrazakeriaren eskutik egingo den tailer hau gazteleraz izango da.

Bestetik, apirilaren 18an Sustraietatik eraldatuz. Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu izeneko dokumentala aurkeztuko dute, arratsaldeko 18:30ean. Gainera, egileetako bat Emakumeen Etxean izango da dokumentalaren inguruan hitz egiteko eta ondorengo solasaldian parte hartzeko.

Asun Casasola eta Parean elkarteek egindako dokumentalak haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen aztertzen du. Liburutegietan haurren esku dauden liburuak aztertzeko, zenbait ikerketen berri ematen da dokumentalean eta gaiaren inguruan aritu eta aditu diren hainbatekin aritzen dira gaiaz.

Aipaturiko ekintzez gain, hilaren 24an ohiko Emakumeen Etxeko batzarra egingo dute, arratsaldeko 18:00etan.

Emakumeen Etxeak ateak irekita ditu astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00era, eta asteartetik ostegunera, 16:00etatik 20:00era, Txirrita Parkean, zk.g.