Datorren denboraldiko kirol jarduera berrien erakustaldiak antolatu dituzte udal kirol instalazioetan

Urrian hasiko den denboraldi berriari begira, Errenteriako udal kirol instalazioetan kirol jarduera berriak jarriko dituzte martxan eta horiek probatu eta ezagutzeko doako erakustaldiak antolatu dituzte apirilean, maiatzean eta ekainean.

Hauek dira herriko udal kirol instalazioek datorren denboraldian eskainiko dituzten jarduera berriak:

  • Haurdunaldi osasuntsua: haurdunaldi bitartean egiteko ariketak, izan uretan izan aretoan.
  • Motrix: 3-5 urte arteko (baby) eta 6-8 urte arteko (kids) haurren psikomotrizitatea lantzeko ariketak. Tatami baten gainean egingo da jarduera.
  • Running: bi maila egongo dira. Oinarrizkoa (basic), korrika inoiz edo oso gutxitan aritu den jendearentzat; eta erdi-mailakoa (medium), korrika egitera eta lan aerobikora ohituta dauden pertsonekin. Galtzaraborda inguruan egingo dituzte saioak, kiroldegian hasi eta buka.

Interesdunek aipatutako jarduerak ezagutu eta probatu ahal izateko, apirilean, maiatzean eta ekainean jarduera bakoitzeko doako erakustaldiak egingo dituzte hilean behin.

Hau da apirilerako programatuta dauden jardueren egutegia:

  • Larunbata, hilak 20: Motrix baby, 10:00etatik 11:00etara; eta Motrix kids, 11:00etatik 12:00tara.
  • Asteazkena, hilak 24: erdi-mailako running-a, 19:30etatik 20:30era.
  • Ostirala, hilak 26: haurdunaldi osasuntsua igerilekuan, 9:30etatik 10:30era.

Erakustaldiak doakoak izango dira abonatuentzat (abonamendu orokorrarekin eta igerilekuko abonamenduarekin), baina plaza aurrez erreserbatu beharko da Galtzaraborda edo Fanderiako kirol instalazioetako harreran.