Angel Blanco Egoskozabalen ‘Arkupetik’ lanak iragarriko ditu 2024ko Madalenak

Errenteriako Angel Blanco Egoskozabalen ‘Arkupetik’ kartelak irabazi du XXXVIII. Madalenetako Kartel Lehiaketa. Aurten, Nora Goyalde Herri Arte Eskolako arte plastikoen eta ikusizkoen artista eta irakasleak, Urtzi Ibarguen artistak, Garbiñe Ramirez Xenpelar Tailerretako irakasleak, José Manuel Martinez Jai Batzordeko kideak eta Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak osatu dute epaimahaia, eta guztira 97 lanen artean egin dute aukeraketa gaur bertan, maiatzaren 29an.

Haurren kategorian, berriz, 37 proposamen jaso ostean, Egoitz Nogueira Pikabearen ‘Festadoinu’ izan da aipatutako epaimahaiaren aukeraketa. Lan hau izango da, beraz, haurren programazioko irudia.

Bestalde, Libe Agirre Saez de Urturi errenteriarrak ere jasoko du saria, bera izan baita publikoaren boto gehien jaso dituen ‘Txupinazo alaia’ lanaren egilea.

Sariei dagokienez, Angel Blancok 1.050 euro jasoko ditu, Egoitz Nogueirak eskola materialean gastatzeko 150 euro eta, azkenik, Libe Agirrek uztailaren 21ean izango den Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen.

Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaileei herriko jaiak iragartzeko proposamenak bidaltzeagatik eta euren jatorri anitzak azpimarratu dituzte.

Era berean, Herri Saria erabakitzeko boto ugari bildu dituztela azaldu dute, eta larunbatera arte (ekainak 1) Xenpelar Etxean zabalik egongo den erakusketa bisitatzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.