Bertan behera geratu dira Eztena jaialdiko hiru emanaldi, Covid-19 kasu positibo bat dela-eta

Eztena jaialdiaren barruan gaurko, hilak 11rako, programatuta zeuden bi emanaldiak bertan behera gelditu dira. ‘Satiro’ ikuskizuneko kide batek positibo eman du PCR analisian, eta ondorioz, harekin harremanetan egondako ‘Erresistentzia arazo fisikoa da’ ikuskizuneko aktorea isolatuta gelditu behar izan da, analisien zai.

Honen ondorioz, babes neurri gisa eta ezarritako protokoloak jarraituz, bihar, hilak 12, arratsaldeko ‘Panpina’ ikuskina ere bertan behera uzteko erabakia hartu du Udalak. Emanaldi hauek aurrerago ikusteko aukera izango da, egoerak eta egutegiak baimendu bezain pronto.

Bestalde, bihar arratsalderako Koldo Mitxelenako patioan aurreikusita dagoen Sra Polaroiska kolektiboaren ‘Alamedako dantzaldia’ performance-a eta iluntzean, Hatxeren ‘Panpin hautsien dantza’ kontzertu-emanaldia aurreikusi bezala mantenduko direla baieztatu dute antolatzaileek segurtasun eta osasun neurri guztiak bete daitezkeela bermatu ondoren.