Uda honetan egiteko zazpi proposamen

san markos

Iritsi zaigu udara, eta opor egun ugari ditugu aurretik atseden pixka bat hartu eta denbora libreaz gozatzeko. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian egiteko hainbat plan proposatzen dizkizuegu bertan, etxeko txikienekin sasoi honi ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

San Marko gotorlekua: natura eta historia

Gure lehenengo proposamenak Errenteriako San Marko gotorlekura eramango gaitu. Tontorrera iritsi bezain laster gotorlekuko horma sendoekin egingo dugu topo. Lubanarroaren gainetik doan zubia pasa beharko dugu gotorlekuan sartzeko. Garai batean zubi hau altxa egiten zen, etsaiei barrura sartzea eragozteko. Zubia gurutzatu eta ezkerretara San Markoko Informazio Puntua topatuko dugu. Gotorlekuak eta inguruak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio osoa jaso dezakegu bertan. Aurrera eginez arma-patiora iritsiko gara, eta bertan dagoen taberna-jatetxean indarberritzeko aukera izango dugu. Begiratokira iristen bagara handik dagoen ikuspegia zoragarria dela konturatuko gara. Goi denboraldi osoan zehar gotorlekuaren behe aldean dagoen museoa bisitatzeko aukera daukagu bai bisita librean (doan) edo bisita gidatuarekin (2-3€). Bertan, antzina zonaldea defendatzen zuten soldadu eta kanoien erreplikak ikus ditzakegu. Gotorlekuaren kanpoaldeko zelaian haurrentzako parke bat dago, gaztelu formaduna. Txikienen imajinazioak egingo du gainontzekoa!

Jaizkibelgo dorreen arteanf1869f94-4936-4f75-8aa0-fc641fc1a36a

Gure esploratzaile gogoei eutsiz, Jaizkibelgo XIX. mendeko dorre karlisten bila joango gara Lezotik hasita. Dorre hauek hegoalderantz Irun eta Pasaia arteko herriak kontrolatzeko balio zuten, eta iparralderantz berriz itsasotik etor zitezkeen erasoak saihesteko. Egun oraindik 5 dorre gailentzen dira Jaizkibelgo gailurretan, hauetatik 2 Lezorenak dira eta 3 berriz Hondarribiarenak. Lehen 4 dorreak hexagonalak dira, eta azkenak berriz, Hondarribian, oinarri laukia du. Lezotik Jaizkibelera igotzen diren hainbat bide ditugu; eta behin gailurra egiten dugunean erraza egingo zaigu dorrez dorre joatea. Egunari amaiera paregabea emateko, herriko alde zahar ederrean buelta bat eman eta bazkari on batez gozatu dezakegu.

Arditurriko meazuloetan barrena!

Uda honetan egiteko ezinbesteko beste plan bat Oiartzungo Arditurriko meategiak ezagutzea da.

Aiako Harriaren mendi magalean eta Parke Naturalaren sarreran kokatzen diren meazulo hauetan sartzea esperientzia paregabea da zalantzarik gabe. Duela 2.000 urte ezkero jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak, eta bertan meazuloetako tuneletatik barrena ibiltzeko aukera izango dugu. Erabateko meatze-paisaiaz gozatu ahal izango dugu ingurune honetan.

Arditurrira bizikletaz

A rditurriko Meatze Gunera iristeko modurik onena Arditurriko bide berdetik bizikletaz joatea da. Bide berde honek naturarekin eta historiarekin bat egiten lagunduko digu. Oiartzungo bailara osoa gurutzatzen du eta Aiako Harria ikusgarriaren magalean amaitzen da, Arditurriko meategietan hain zuzen ere. Oiartzun ibaiaren ibilgua jarraitzen duen bide honek, trenbide zaharrak egiten zuen ibilbidea jarraitzen du, garai batean meategitik Pasaiako portura mea garraiatzen zuen trenaren bidea hain zuzen. Gaur egun oinezko eta txirrindularientzako 7 km-ko luzera duen bide berdea da. Gainera, Donostiako bidegorriarekin lotuta dago.

Soinuenea

A rditurriko Bide Berdetik goazela, Oiartzungo Ergoien auzoan geldialdi bat egitea proposatzen dizuegu Soinuenea Herri Musikaren Txokoa bisitatzeko. Bertan 400 musika tresnatik gorako erakusketa bat dago ikusgai. Horien artean, bai Euskal Herriko tresnak, baita munduko kontinente guztietakoak ere aurki daitezke. Tresna hauek ikusteko aukera izateaz gainera, bisitariak hauen soinua ere entzun ahal izango du audio sistema baten bidez.

Marinel handien moduan

I tsas munduan murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen digu Pasai San Pedroko arrantza portuan kokatzen den Mater itsasontzi museoak. Bertan atun-ontzi tradizional bat barrutik nolakoa den ezagutzeko aukera izango dugu, izan ere, egurrez egin zen azken atun-ontzia da Mater. Eta gainera, zer iruditzen egun batez marinel bihurtzen bagara? Izan ere Uztailaren 23an eta abuztuaren 20ean Mater museoak “Marinel eguna” jardunaldiaz gozatzeko aukera emango digu. Eguna marinelen modura igarotzea da plana, bertan itsas eta arrantza kulturaz modu desberdinen bidez gozatuz. Jardunaldiak Pasai San Pedron izango du hasiera eta Pasai Donibanen bukatuko da. Leku desberdinak bisitatzeko aukera izango dugu, alde zahar historikoak, Blas de Lezo marinelaren jaiotze etxea, lonja eta portua, Mater itsasontzi Museoa eta arraun kluba.

Txokolatearen sekretuak

A maitzeko, uda goxatzeko beste plan bat proposatzen dizuegu, izan ere txokolatea handiek zein txikiek atsegin duten elikagaia da dudarik gabe.

Errenteriako Casa Aramendiak adin guztietara egokitutako tailerrak eskaintzen ditu txokolatearen mundua sakonean ezagutu ahal izateko. Maisu txokolategileen antzera jantzita, trufak eta txokolatezko piruletak egiten ikasiko dugu eta amaieran dastatu edota etxera eraman ahal izango dugu egindako lana.

Bisitaren osagarri bezala, gozogintza-lantegia ezagutuko dugu eta bertan txokolate mota ezberdinen dastatzean parte hartuko dugu, produktu honen historia eta botanikaren azalpena jasoko dugularik.

Informazioa eta erreserbak: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus