“Errenterian 1956tik 2012ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko txostena”
Aurreko legegintzaldian Errenteriako Udalak “bizikidetzarako bidean” Argituz giza eskubideen aldeko elkarteari herrian gertatutakoaren memoria biltzeko eskatu zion, eta lan horren emaitzak dira, hain justu, aipaturiko dokumentuak jasotzen dituenak. Atzoko ekitaldiko protagonistak Argituzeko kide eta dokumentuaren egile Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal izan ziren, Felipe Gomez giza eskubideen nazioarteko babesean adituarekin batera. Lehen lerroan, berriz, talde politiko ezberdinetako ordezkariak ikus zitezkeen, Julen Mendoza (EH Bildu) alkatea, Chema Herzog (PP) zinegotzi oiha, Miguel Buen (PSE-EE) alkate oiha, besteren artean.
Errenteria biolentzia handia jasan duen herria dela aipatu zuen Gaztelumendik, baina aldi berean bizikidetzarako “nahia” ere handia dela uste du. Horren erakusle da atzo bertan aurkeztutako dokumentua. Dimentsio handiko dokumentua da, eta hala nola, Errenterian izandako bizitzeko eskubidearen urraketak, pertsonen osotasun fisiko eta psikikorako eskubidearen urraketak, ikerketa sakonago bat behar duten kasuak edota beste indarkeria kasu eta sufrimendu batzuk biltzen ditu. Era berean, sektore politiko eta sozial ezberdineko herriko bederatzi pertsonen testigantzak ere jasotzen dira.
Halere, ez du zifra hutsez betetako dokumentua izan nahi. Helburua ez da indarkeria kasuen zenbaketa hutsa egitea, haratago joan nahi dute. Zentzu honetan eta bizikidetzaren bidean,”bestearen memoria onartu, ulertu eta sentitzeko” eta berriz ere berdina ez gertatzeko dokumentua izatea espero dute egileek. Dokumentua iragana aztertuz egindako lana dela azaldu dute, baina aldi berean etorkizunari begira egindakoa. Atzo aurkeztutako txostena tresnatzat hartu eta lana osatzen jarraitzeko eta memoria partekatu hori lortzeko lanean jarraitzeko gonbita luzatu zieten Argituzeko kideek bertaratutako guztiei.