Errenteriako langabetuek eskubide sozialen aldeko manifestaldia burutu dute

Errenteriako langabetuek asanblada bat burutu zuten atzo eta, ondoren, herriko kaleetan zehar manifestaldi bat egin zuten eskubide sozialen alde.

Hemendik aurrera, astelehenero asanbladak eta ekimenak burutuko dituztela jakinarazi zuten. Dekalogo bat osatu dute beren eskaerekin, Udalari, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko diotena.

Dekalogo horretan azaltzen zutenez, laguntza sozialik ez dituzte nahi, lan merkatua berpiztu eta, hau gertatzeke dagoen bitartean, langabetuek 1.100 euroko diru-laguntza minimoa jaso ahal izatea baizik.

Horretaz gain, bildutako langabetuek Eusko Jaurlaritzak emplegu erregulaziorako espediente gehiago ez onartzea eskatu zuten, enpresa euskaldunen deslokalizazioaren aurkako neurriak martxan jartzea, lanpostu publikoen murrizketa ekiditea eta baita Lanbide enplegu bilaketarako agente aktibo bat izatea ere.

Modu berean, dohako heziketa publikoa kalitatezkoa izatea nahi zutela adierazi zuten eta diru laguntzei buruzko informazio egokia eskuragarri izatea eta laguntza hauek hilabete baten buruan jasotzeko aukera bermatzea eskatu zuten.

Egindako beste eskari batzuk honakoak izan ziren: dohako txartel bat lana bilatzeko beharrezkoak diren garraioak ordaintzeko; kultura eta kirol zerbitzuetan zentzuzko deskontuak; etxebizitza duinak jasotzen den soldataren %25aren baino gutxiagoko kostuarekin eta jendarteak arlo produktiboen gaineko erabaki ahalmena berreskuratzea banku eta erakunde finantzarien menpe ez egoteko.

Asanbladaren antolatzileek eskainitako datuen arabera, Errenterian 2.745 pertsona daude langabeziaren erregistroetan (1.355 gizon eta 1.390 emakume), ia herriko populazioaren %14a.