Errenteriako Udalak Pasaiako kanpoko portuaren ingurumen eragin negatiboaren izendapena eskatu du

Julen Mendoza Errenteriako alkateak alegazioak aurkeztu dizkio Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Planaren Ingurumen Iraunkortasunari buruzko Txosten Berraztertuari, baita bi agiriak atzera botatzeko eskaera egin ere, eta egungo barne portuan ingurumen alorreko neurri ugari ezartzea proposatu du, Erabilgarri dauden Hobekuntza Teknikak erabiliz, eta, era berean, jarduteko garaian Bilbo eta Baionako portuekin osagarritasuna bilatzea.

Bere alegazioan, Udalerriko lehenengo zinegotziak adierazi du ez dela ebaluazio egokia egin, beste alternatiba batzuk izanik ez direla nahikoa landu, ez direla egiaztatu interes publikoa duten beste kontsiderazio batzuk, pertsonen osasuna edo segurtasun publikoa, esate baterako. Halaber, kontsideratzen du Udal hirigintza eskumenak ere urratu egin direla.

Azkenik, alegazioak jasotzen du planifikazio akatsa dela badiaren erregenerazioa portuko jarduerak Jaizkibelgo itsas ingurunera eramatearen mende jartzea: “erregenerazio eredu ugari izan daitezke, baina gizartearen adostasun handi eta zabala lortzen duena izango da eredu baliagarria, udalerriek beren lurraldea antolatzeko duten autonomiarekiko errespetua premisatzat hartuta, baita ingurumen, ekonomia eta gizarte alorrean benetako iraunkortasuna errespetatzen duena ere”, adierazi du.