Errenteriako Hondakinen batzordeak positiboki baloratu du auzoetako bileren lehen astea

Aholku kontseiluak | Auzoetako batzarrak | Bidearen Bidean | Herri Biziaren Bidean | Jasangarritasuna 2013-01-25 | 0

Pontika2

Urtarrilaren 14an eman zion hasiera Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Batzordeak, udalerriko hondakinen arazoari aurre egin asmoz, auzoz auzo antolatu dituen bilera informatiboei.

Lehen astean Iztieta, Kaputxinoak, Agustinak, Pontika, Beraun eta Alaberga auzoetan izan ziren Batzordeko ordezkariak, azken hilabeteetan lan-taldean egindako hausnarketak auzokideekin partekatzeko. Orotara 170 bat lagun bildu dira lehenengo bost egunetan. Hondakinen Batzordeko kideen iritziz, saioak oso ondo garatzen ari dira; jendeak interesa badu eta informazio teknikoa eta zehatza eskatzen du.

Gorabehera politikoek sortutako zalantzak ere agerian geratu dira bileretan. Halere, Errenteriako Hondakinen Batzordeak saio hauek informatibo hutsak direla azpimarratu du, gure helburua lan-taldea osatzen dugun herritarrok egindako hausnarketa eta Errenteriako egungo egoera, hondakinei dagokionez, nolakoa den azaltzea baita.

Aste honetan ere hainbat bilera izaten ari dira. Dagoeneko Galtzaraborda, Erdialdea, Fanderia, Markola, Gabierrota eta Lartzabal auzoetako bizilagunekin elkartu dira. Igande honetan, goizeko 11:00etan, Zamalbideko eliz azpian antolatu dute saioa.

Datorren astean, berriz, geratzen diren bi auzoetan saio bana egingo dute:

  • Olibet – Etxe berriak: Urtarrilaren 29an (asteartea), 19:30ean, Auzo Elkartearen egoitzan.

  • GaztaƱo: Urtarrilaren 30ean (asteazkena), 19:30ean, Bukagaitz Auzo-Elkartearen egoitzan.

Lehen bilera-erronda hau amaitzean, saioen balorazioa egin eta hiritarrek egindako ekarpenak aztertzeko lanetan jarriko dira lan-taldeko kideak. Horretarako, urtarrilaren 31rako deialdia luzatzen du Hondakinen Batzordeak (Merkatuzarreko gela balioanitzean, 19:00etan). Auzokideez osatutako lan-talde heterogeneoa eta kide berriei irekia gara. Hondakinen arazoari irtenbidea emateko interesa duen oro Batzordean parte hartzera edo antolatzen ditugun bileretara hurbiltzera animatzen dugu.

Prozesu honetan interesa duen edonork bere ekarpenak helaraz diezazkioke Hondakinen Batzordeari e-posta bitartez (hondakinakIAK@googlegroups.com) edo, bestela, udaletxeko Mendi eta Ingurumen Sailera zuzenduz.

No comments yet.

Utzi erantzuna