Hiru musika bandek parte hartuko dute larunbateko XVIII. Alardean

Musika banden  XVIII alardea_aurkezpena_800x600Errenteriako Musika Banden XVIII. Alardea izango da larunbatean eta bertan Errenteriako Musika Kultura Elkarteko Bandarekin batera Errenteriako Musika Eskolako ikasleen Banda eta Mutrikuko Musika Banda ere ibiliko dira herriko kaleetan zehar.

Atzo goizean aurkeztu zuten aurtengo egitaraua Begoña Lasarte Musika Eskolako zuzendari izango denak, Jon Berruezo Musika Eskolako ikasleen Bandako zuzendariak, Irune Balentziaga Kultura zinegotziak, Josu Mitxelena Errenteria Musika Kultura Elkarteko (EMKE) lehendakariak eta Iñaki Susperregi lehendakariordeak.

Balentziagak XVIII. Alardeak azpimarratzeko berritasun bat duela azaldu zuen: “Lehenengo aldiz hartuko du parte ikasleen Bandak ekimenean eta musikari beteranoekin jotzeko aukera izango dute”. Honen harira, Mitxelenak gaineratu zuen gazteak egitarauan txertatzearekin herriko musika mugimenduari “bizitasuna” eman nahi izan diotela.

Berruezok ikasleen bandak gonbidapenari ilusioz heldu diola aitortu zuen: “urtean zehar egiten dugun lana erakusteko aukera izango dugu, gainera gure ikasleak EMKEko harrobia dira”. Dagoeneko 4 ikasle herriko bi banda hauetako kide dira.

Aipagarria da bestalde, Gipuzkoako ia banda guztiek hartu dutela parte honezkero Errenteriako Alardean. Aurten Mutrikukoa gonbidatu dute eta datozen urteetarako Bergarakoa eta Arrasatekoa bakarrik faltako lirateke.

Ikuskizuna arratsaldeko 18:45ean hasiko da Alfolso XI kaletik abiatuko den kalejirarekin. Bukatutakoan, hiru taldeek kontzertua eskainiko dute Foru plazan, 19:30ean. Bertan, banda bakoitzak bere errepertorioa eskainiko du lehendabizi, eta ondoren, Marcha de Uruñuela eta Agur Jaunak piezak joko dituzte denek elkarrekin.

Bukatzeko, Mitxelenak 2014ean EMKEko Bandak 150 urte beteko dituela ere gogorarazi nahi izan zuen eta jada urteurrena omentzeko egindako kamisetak salgai daudela. Larunbatean bertan izango da kamisetak erosteko aukera 10 euroren truke eta bi koloretan: gorria eta beltza. Salmentatik lortutako dirua datorren urteko data berezia ospatzeko osatu nahi duten egitaraua antolatu ahal izateko erabiliko dute.