Errenteriako eskola publikoek euren heziketarako eskaintza aurkeztuko diete gurasoei

Eskola publikoen matrikulazio kanpainaren aurkezpenaErrenteriako ikastetxe publikoek euren heziketarako eskaintzaren aurkezpen bateratua egin nahi diete herriko familiei. Hala azaldu zuten, Ritxar Maritxalar eta Leire Castilla Langaitz eta Beraun Berri ikastetxeen bat egitetik sortu berri den Bizarain ikastolako arduradunek, Gamon ikastetxeko Ana Isasak eta Koldo Mitxelanako Amaia Etxebestek, asteazkenean, Irune Balentziaga Hezkuntza zinegotziarekin batera.

Aurkezpen hitzaldia datorren ostegunean izango da, hilak 23, Reina Aretoan, arratsaldeko 17:00etan eta euren seme-alabak lehen aldiz matrikulatu behar dituzten gurasoei, hau da, 2011 eta 2012an jaiotako haurren gurasoei zuzenduta dagoela adierazi zuten arduradunek.

Bilera honez gain, ikastetxe bakoitzak jardunaldi irekiak antolatu ditu, gurasoek instalazioak gertutik ezagutu ditzaten. Koldo Mitxelenan hilaren 27tik 30era izango dira, 16:30etik 17:30era. Gamonen hilaren 27 eta 29an eta osailaren 3 eta 4an, 16:30etik 17:30era; gainera, aurkezpen bilera ere egingo dute bertan urtarrilaren 28an, 16:30ean. Bizarainen, berriz, hilaren 30ean zabalduko dizkiete Beraun Berriko ateak interesdunei, 16:00etik 17:30era.

Matrikula

Matrikulazio kanpaina otsailaren 3tik 13ra izango dela ere jakinazari zuten eta derrigorrezkoa dela epe horren barruan izena ematea. Horretarako hautatutako ikastetxera joan beharko dira gurasoak inprimakiak betetzera. Hala ere, inprimaki horiek interneten ere eskura daudela esan zuten hezkuntza.net web gunean.