Udal Gobernu Taldeak 2016ko aurrekontuen proposamena aurkeztu du

aurrekontuak_aurkezpena
Ion Collar, Julen Mendoza eta Jon Txasko 2016ko aurrekontuen aurkezpenean

Aurkeztu ditu Udal Gobernu Taldeak 2016rako aurrekontuak, eta dagoeneko oposizioari helarazi dizkietela jakinarazi dute Julen Mendoza alkateak, Jon Txasko ogasun zinegotziak eta Ion Collar kultura zinegotziak gaur egindako aurkezpenean. 2025 Plan Estrategikoa gauzatzeko proiektuak biltzen dituztela azaldu du Mendozak. Eta proposamena prestatzeko auzo-batzarretan jasotako eskaerak zein tokiko elkarteen kezka eta beharrak kontuan hartu direla azpimarratu du.

Guztira 51.595.043€ko aurrekontua da, aurreko urtean baino % 6,4 gehiago. Besteak beste, lau proiektu nabarmendu nahi izan dituzte: Alaberga eta Kaputxinoetako goiko aldea lotzen dituen igogailua, HAZ (Herritarrak Artatzeko Zerbitzua) proiektua, enplegu planetako inbertsioa eta bi aparkaleku berri egitea.

Lehenengoari dagokionez, hau da, irisgarritasunaren inguruko inbertsioei dagokienez, Alarbergatik Kaputxinoetako goiko alderako igogailuaren lehen fasea abian dagoela jakinarazi dute. Bi urteren buruan bi igogailu eraikitzea aurreikusita dago, gobernu taldearentzat proiektuak lehentasuna daukala esan du Mendozak, “behar askori erantzuten” diolako. Era berean, langile-kostuak 770.000 € handitu nahi dira, zerbitzuak hobe eman daitezen. Udaltzaingoan inbertituko da, baina baita HAZ abian jarri ahal izateko ere. Azken honek administrazioa barrutik aldatzea dakarrela azaldu du Mendozak.

Aparkalekuen proiektuen kasuan, gabezia bati aurre egin nahi diotela aipatu dute. Eta horretarako bi proiektu prestatu dituzte. Bata, Renferen geltokiaren aldamenean aparkalekua egiteko proiektuaren lehen fasea. Bi faseak amaituta, 150 aparkaleku sortzea aurreikusi dute. Eta bestea, Igantzi kaleko aparkalekuaren lehen fasea, honekin 35 aparkaleku berri sortu nahi dituzte.

Euren asmoa gizarte-politikekin jarraitzea dela jakinarazi dute, eta 500.000€ enplegu-planetara bideratu nahi dituzte. Gainera, “gizarte kohesionatu bat bultzatzeko” helburuarekin Gizarte Larrialdetako Laguntzak mantentzea proposatu du udal gobernu taldeak. Eta 800.000€-kin Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren espazioak eta zenbatekoak estali nahi dituzte.

Kulturari dagokionez, gizarte garapenerako eta dibertsitaterako tresna izateaz gain,  bultzatzaile ekonomiko gisa ikusten dutela azaldu du Collarrek. Bereziki Lekuona fabrika obra azpimarratu dute, bertan Euskal Herriko Arte Eszenikoek Zentroa egin nahi dute. Zentzu horretan, Foru Aldundiak obra amaitzeko 2.100.000 € jarriko dituela nabarmendu nahi izan dute.  Niessen eta Beraungo liburutegien proiektuak idazteko partidak, edota “eskola duinak” bultzatzeko ere inbertitu nahi dutela aipatu dute.

Kirol arloan, 170.000 € baino gehiago bideratu nahi dira instalazioak mantendu eta hobetzera. Bestalde, iraunkortasunaren aldeko “ahaleginari eusteko” borondatea erakutsi dute, “ingurune osasungarri eta erakargarriagoa lortu nahi da 700.000 euroko inbertsioei esker”. Diru kopuru horretatik zati handi bat argi iraunkorrak jartzeko erabiliko da.

Era berean, Txaskok azaldu du inbertsioak egiteko eskatutako maileguak amortizazioak baino txikiagoak direla eta pixkanaka zorra gutxitzen ari direla.

Gazteen plan estrategikoa

80.000€ko partida berri bat proposatu du udal gobernu taldeak gazteen inguruko plan estrategiko bat egiteko. Hutsune batetik abiatu direla aipatu du Mendozak. Izan ere, gazte eta haurrek eurei egokitzen zaien plan estrategiko propioa behar dutela uste du Mendozak. Horrela, prozesu parte-hartzaile bat jartzeko asmoa adierazi dute, zeinetan gazte zein haurrak izango diren benetako protagonistak.