Torrekua, ekintzailetza kolaboratiboa eta kooperatiboa bultzatzeko prest

ADN | Gazteria | Oarsoaldea 2016-03-04 | 0

Torrekua2Errenteriako kasko historikoan kokatzen den Torrekua eraikin enblematikoak ateak ireki ditu gaur ekonomiaren eredu aldaketa baten lekuko izateko. Ekintzailetza kolaboratibo eta kooperatiboa ardatz harturik, gaurtik aurrera Habian! Fabrika kreaktiboa eta Habian! Teknologia kreaktiboa proiektuek Torrekua beteko dute. Inaugurazio ekitaldia egin dute gaur goizean, eta bertan izan dira Julen Mendoza Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako presidentea eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako foru diputatua, proiektuaren atzean ibili diren bestelako erakunde eta elkarteetako kideekin batera.

Torrekua_Habian (13)

Sarrera

Gaur inauguratu den proiektuak Errenteria 2025 Plan Estrategikoan ditu bere oinarriak, Mendozaren arabera. Errenteriarentzat izango den proiektua izatetik haratago, Pasaiako Badiaren biziberritzearen testuinguruan kokatu behar dela aipatu du Mendozak. “Industria astunetik, bestelako industria baterako” jauzia emateko balioko duen eraikina izango da Torrekua hemendik aurrera. Plan estrategikoan sormen ekonomiaren aldeko apustua egin zutela nabarmendu du Mendozak.

Ekintzaileak bildu nahi dituzte Habian! markapean sortutako bi proiektuetan. Ekintzaileei bultzada eman nahi die Habian!-ek Mendozaren hitzetan, ekintzailetza kolaboratiboa eta kooperatiboa sustatuz. Gainera, Mendozak nabarmendu du ekintzailetza kolaboratibotik sozialerako bidea ere hartu nahi dutela proiektuok, eta gizarteari “balore erantsia” eskainiko dioten proiektuak bultzatu.

Artisautza eta teknologia berriak

Habian! Fabrika Kreaktiboari dagokionez, elkarlanean aritzeko tailerrez osatuko da proiektua, sormenezko ofizioetan oinarrituta, ehungintza eta bitxigintzan hasiera batean, eta aurrerago zurgintzan. Mendozak adierazi du inguruan ez dagoela horrelako proiekturik, artisautzari dagokionean. Eta Artiolak hasitako bidearen jarraipena dela ere gaineratu du. Juanjo Ucar Artiolako ordezkariak aurkeztu ditu ehungintza eta bitxigintza tailerra izango direnak.

Torrekua_Habian (7)

Ehungintza tailerra

Ucarren arabera, “gaurkoa artisautza sektorearen lorpen handi bat da”. Artisauei bidea egiten hasteko baliabideak eskainiko zaizkie, eta tresneriarekin izan ohi dituzten arazoei aurre egingo zaie Ukarren hitzetan. Gainera, elkarrengatik hain gertu lan egiteak ezagutza elkartrukatzea dakarrela ere gaineratu nahi izan du. Ekintzaileek bertan gehienez 3 urte egoteko aukera izango dute.

Bestalde, Habian! Teknologia Kreaktiboari esker, teknologia berrietan espezializatuak diren eta laguntza eta aholkularitza jasotzen duten edota sortze fasean dauden proiektuan elkarrekin biziko dira. Felix Vela Forvo eta Diversiuseko ekintzaileak esan duenez, “sormena eta energia” nagusituko dira Torrekuan. Velak ondorengoa azaldu du: “Gure harri berean estopezu egin ez dezaten aholkularitza eskainiko diegu ekintzaileei”. Tumaker-eko Jon Bengoetxeak, bestalde hauxe azpimarratu du: “Hemen ideietatik errealitatera oso azkar pasako gara”.

Elkarlana eta sinergia

Erabat ezberdinak diruditen bi sektorek konpartituko dute Torrekuako espazioa. Eta elkartruke horretatik sor daitezkeen sinergia berriak, ezagutzak, berritasunak zein energiak izan dituzte hizpide gaurkoan. Urcarren arabera, oso aberasgarria da bi sektore horiek elkarrekin eta elkarren ondoan lan egitea.

Guztira lau solairu ditu Torrekuak (beheko solairua gehi hiru solairu). Beheko solairuan ehungintza tailerra kokatu dute, lehenengoan, berriz, bitxigintzakoa. Eta azken bi solairuetan teknologia berriei dagozkien espazioek izango dute tokia. Hori guztiaz gain, coworking kreatiborako gunea ere egongo da Torrekuan.

Eskaerak aurkeztea

Guztira bitxigintza alorrean 6 postu, ehungintzakoan 4, coworking espazioan 11 eta teknologia kreaktiboaren kasuan 11 postu izango dira. Gaurtik aurrera ekintzaileek euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte orrialde honetan, adn.errenteria.eus/habian. Bisita gidatuak ere eskatu ahal izango dituzte, Torrekua bertatik bertara ezagutzeko. Fabrika Kreaktiboari dagokionez, apirilaren 24ra arte egongo da eskaerak aurkezteko epea. Teknologia Kreaktiboaren kasuan, berriz, data zehazteke dago.

No comments yet.

Utzi erantzuna