Udalak 2018rako aurrekontuen proposamena aurkeztu du

Udal gobernu taldeak 2018rako aurrekontu proiektua aurkeztu du. Lekuona Kultur Fabrikaren lanak bukatzea, eta Galtzarabordako eta Beraungo igogailuen proiektuak dira nagusienak. Proposamena azaroko osoko bilkuran eztabaidatzea espero dute.

Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar bigarren alkateordeak aurkeztu dute 2018rako aurrekontuen proposamena prentsaurrean. Proposamena talde politiko guztien esku dago jada. Proposamena egiteko modua desberdina izan dela azpimarratu du Txaskok. Halaber, berak esan duenez, 2018. urteko aurrekontuen proposamenak dakarren berrikuntza da aurrekontu horiek Errenteriako Udala gauzatzen ari den administrazioa berritzeko prozesuaren baitan eratu direla, besteak beste, 2025 Plan Estrategikoaren eta 2015-2019 Legegintzaldiko Planaren gidalerroei jarraiki, administrazio eraginkorragoa eta eragimen handiagokoa izan dadin, eta, batez ere, pertsonei zuzendua izatea bermatuz. Testuinguru horretan kokatzen dira 2017. urtean zehar gauzatutako administrazio-berrantolaketa, 2019 Helburu, Kudeaketa Plana, gutxi barru irekiko den ZU!! zerbitzua, edo 2018. urterako lehen aldiz planteatzen diren helburuen arabera udal aurrekontuak eratzea.

Ion Collarrrek nabarmendu du pertsonak erdigunean jartzeko apustuari eusten diotela, babes sozialeko diru partidak aipatzerakoan.

Aurrekontu proiektuaren kopuru totala 51.768.834 €-koa da, iaz baino %1,2 gutxiago. Besteak beste, maileguan 138.000 € gutxiago eskatu izana dago jaitsieraren arrazoien artean. Poliki-poliki zorra jaisten ari dela azaldu dute, hala 2009an %67ko zen, eta 2017an %34koa.

Segidan proposamenaren ardatz nagusiak irakurri daitezke, udalaren oharrean jasota dauden bezala:

Kulturaren aldeko apustu sendoa egiten du udalak, izan ere, kultura garapen sozial eta aniztasunerako baliabide zein ekonomiaren bultzatzaile da; hori horrela, Lekuona Fabrikaren proiektua aurrera eramateko, udal honetan ordezkatutako talde politiko guztien erabaki irmoa espresuki agertzen da aurrekontuetan, non bertan jasota geratzen den 2.800.000 euroko partida, kultur ekipamenduen atalean. Nabarmendu behar dugu 2025 Plan Estrategikoaren elementu esanguratsuenetako bat dela kulturaren alde egiten den apustua, eta horrekin batera, Lekuona Kultur Fabrikaren aldeko apustua. Kultur espazio hori bideratuko da udal kultur zentroa sortzeko, non bertan kultura sortu eta erakusketa guneak sustatuko diren, horrez gain, sormenezko liburutegia ere bertan kokatuko da.

Lehendik esandakoari eutsiz, guztion mugikortasunaren eta auzoetara hurbiltzeko politikaren alde jarraituz, partidak gehitu ditu udalak Galtzarabordako, nahiz Beraungo igogailuetarako. Galtzarabordako igogailua amaituko dugu, Galtzarabordako parkera era irisgarria batean komunikatzeko, Urdaburu kaletik, Murumendi, Larrunarri eta Jaizkibel kaleekin eta Galtzaraborda etorbidearekin, udal igerilekuetara nahiz anbulatoriora iristeko moduan. Aurrekontua guztira 600.000 € izango dira. Ildo beretik jarraituz, Beraungo igogailuaren proiektuari hasiera emango dio udalak. Era horretan, 700.000 euroko aurrekontuarekin, ahalbideratuko da irisgarritasuna hobetzea Beraun, Jesus Guridi, Krisostomo Arriaga eta Julian Lavilla kaleen eta Galtzaraborda etorbidearen artean. Halaber, 200.000 € inbertituko dira kaleak asfaltatzeko eta 100.000 €, berriz, mantentze lanetara bideratuko dira, herrian oztopo arkitektonikoak ezabatzeko, mugikortasunaren mesedetan.

Oraindik ere apustua da gizarte-babesa mantentzea, orain arte bezalaxe, gizarte kohesionatuaren elementu eragile izan dadin. Horren harira, 920.000 € emango ditu udalak gizarte-larrialdiko laguntzetarako, Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin estaltzen ez diren espazio eta zenbatekoetara iristeko, nahiz eta gai hori haren eskumenekoa izan. Babes sozialeko, garapen sozio-ekonomikoko eta enplegua sortzeko politiken alde egiten jarraitzen dugu, eta ondorioz, ahal den neurrian krisiaren eragina arintzeko, 500.000 €ko partida onartu du udalak enplegu planetarako.

Iraunkortasunaren alde egiten jarraitzen du eta asmo hori gauzatzeko hainbat inbertsio egin ditu klima-aldaketaren inguruko erabakiekin bat egiteko. Zehazki, 100.000 € mendi eta erreketan biodibertsitatea lehengoratzeko, eta beste 350.000baino gehiago beste ekintzak gauzatzeko, non Fanderiako Errotaren proiektu dibulgatzailea aipatu behar den.

Jarduera fisikoaren alorrean bi partida gehitu dira bi proiektu aurrera eramateko, bata Fanderiako frontoia, eta, bestea, Beraungo estadioa birmoldatzeko. Era berean, Arramendi parkerako izan den parte-hartze prozesuari jarraipena emanez, partida bat ezarri dute prozesu horren emaitzei erantzuna emateko. Proiekturako 200.000 € izango dira.

Beste arlo batzuei dagokienez, saneamendu sarean ekintzekin jarraituko du udalak prebentziozko ekintzen bidez, eta horretarako 100.000 € inbertituko ditu hobekuntzak egin eta sarean isurketak egitea saihesteko. Sare elektrikoa berritzeko 100.000 € inbertituko ditu, eta beste horrenbeste paperontziak, bankuak eta hiri altzarietako beste elementu batzuk berritzeko.