Ereintza Dantza Taldeak hainbat ekimen antolatu ditu Patxi eta Konpainiaren 20. urteurrena ospatzeko

2017ko Erromeria Eguna.

Hainbat ekimen antolatu ditu Ereintza Dantza Taldeak Patxi eta Konpainiaren 20. Urteurrena ospatzeko: hitzaldia, ikastaroa eta dantzaldia, hain zuzen. Patxi Perezek eta Ereintza Dantza Taldeak antolatutako Erromeria Egunak hainbatetan egin dute topo beren ibilbideetan. Lapurtarra urte askotan izan da herri dantzen jai handian, eta Patxi eta Konpainiak bezala Erromeria Egunak ere aurten 20 urte betetzen ditu. Testuinguru horretan, Ereintzako kideek jardunaldi bereziak antolatu dituzte.

Martxoaren 12an, 19:00etan hitzaldia izango da Dantzagunean, bertan dantzaldien bilakaeraz, dantzen jatorriaz eta bere esperientziaz ariko da Patxi Perez. Martxoaren 16an, ikastaroa izango da 19:00etan (izen-ematea ereintzadantzataldea@gmail.com), mazurkak, kurintak edo bourreak irakatsiko dituzte. Martxoaren 18an 12:00etan, Herriko Enparantzan, dantzaldia (euria eginez gero Koldo Mitxelena ikastetxearen aterpean) egingo dute.

Patxi eta Konpainiak dantzaldi gidatuak eskainiz Euskal Herri osoa dantzan jarri dute urtetan. 20 urte dira hain zuzen, eta halako data berezia ospatzeko probintzia guztietan hainbat ekimen egingo dituzte, eta Gipuzkoako ospakizuna Errenterian izango da.