Larunbat honetan Konpostaren 4. Festa izango da Agustinetan eta Fanderian

Errenteriako Udalak Konpostajearen udal-programa abiarazi zuenetik hona antolatzen duen Konpostaren 4. Festa izango da larunbat honetan, martxoak 17, auzokonposta egiten den 6 guneetatik 2tan; Agustinetan eta Fanderian, hain zuzen ere:

Agustinetako konpostaje gunea: 10:00:11:30. Gune honetan kokatutako zenbait ontzitan kalitatezko konpost heldua dagoela aprobetxatuz, horietako bat hustuko dugu auzolanean eta konposta bertaratzen diren bizilagunen artean banatuko dugu. Konposta erabiltzeko gomendioen orriak ere banatuko ditugu, konposta baratzean nahiz lorategi edo lorontzietan ongarri natural moduan erabili baitaiteke.

Fanderiako konpostaje gunea: 12:00-13:00. Fanderian auzo-konposta egiten duten familiei konpostajearen prozesuan jarraitu beharreko pausoak gogora ekartzeko saioa izateaz gain, herritar gehiago konpostaje-programarekin bat egitera animatzeko jarduera izango da larunbatekoa.

Larunbat honetako 2 festetara Udalak kontratatutako Izadi 21 aholkularitza-enpresako teknikariak bertaratuko dira. Ekimen hau auzokonpostan parte hartzen dutenei zuzendua badago ere, interesa izan dezakeen edozein herritarrek parte hartu dezake. Hori dela eta, Errenteriako Udalak Agustinetako eta Fanderiako auzotarrak konposta gertutik ezagutzera animatu nahi ditu eta larunbateko festetara bertaratzera gonbidatzen ditu.

Errenteriako biztanleek sortutako biohondakinak, bizilagunen laguntzarekin, Errenterian bertan kudeatuz, hondakinen sorrera prebenitu, hondakinen bilketarako udal-gastua murriztu eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari dira. 6 dira hirian auzo-konposta egiteko dauden guneak: Fanderiakoa, Agustinetakoa, Gaztañon dauden 2 guneak (Arramendiko igoeran bata, eta bigarrena, 44. Etxebizitzaren parean geratzen dena), Alabergakoa eta Uztargi haur-eskolan dagoena.

Aipatu behar da helduta dagoen konposta antzematen denean, Udalak kontratatutako aholkularitza-enpresak konpostaren laginak homologatutako laborategira batera eramaten dituela eta bertan konpostaren kalitatea neurtzen dutela. Ateratzen den konposta erabiltzaileen artean banatzen da eta Udaleko lorezaintza-zerbitzuak ere ongarri moduan baliatzen du.

 

Informazio gehigarria:

Web: http://ingurumena.errenteria.eus

Telefonoa: 943 449 603

Eposta: auzokonpostae@errenteria.eus