Itsas korronteek bustiko dute Atlantikaldiaren bosgarren edizioa

Kultura 2018-09-06 | 0

  •  Musika eta kultur topagune bilakatuko da Errenteria irailaren 20tik 23ra.
  •  Nneka (Nigeria), Bebe (Espainia) , Esne Beltza (Euskal Herria), 47Soul (Palestina) eta Manez eta kobreak (Ipar Euskal Herria) eta Aiace eta Duo B.A.V.I (Brasil) izango dira agertoki nagusian.

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak; Iker Tolosak, Atlantikaldiako zuzendariak; Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak; Thierry Biscaryk, Manez eta kobreak taldeko ordezkariak; Olatz Salvador, Donostiako musikariak eta Pauline eta Juliette bikote lapurtarrak 2018ko Atlantikaldia jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostiako Aquariumean. Egitaurauak itsas korronteek ekarritako 90 ekintza baino gehiago barne hartzen ditu.

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 20tik 23ra ospatuko da.

Iaz, ‘Itsas Topaleku’ bilakatu zuen jaialdiak Errenteria, herritar eta bisitari orori topo egiteko eta elkar ezagutzeko aukera emanez. Bosgarren edizio honek topaleku horiek baliatuko ditu herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremanak sendotu eta eredu berriak sortzeko. ‘Itsas Korronteak’ izango da aurtengo edizioaren leloa.

“Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte… baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere, itsaso horretan eragin nahi du”, azaldu du Mendozak.

Ohikoa denez, jaialdia bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.

Oinarrian dagoen filosofiari eutsiz, gainera, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraitzen du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte-hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu du aurtengo kultur programazioa. Ia 100 kultur ekintza jasotzen dituen egitaraua sortu dute modu honetan: “disziplina, jatorri, publiko edota kultura aniztasuna islatu nahi izan dugu: musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz dutenak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak…”, esan du alkateak.

Zortzi gune ezberdin

Oiartzun ibaiaren inguruan gertatuko da jaialdia, Itsas Topaleku kontzeptupean sortutako hainbat gune berezietan. “Bakoitzak bere nortasun propioa izango du eta gai ezberdinak jorratuko dira”, adierazi du Iker Tolosak.

Adibide ezberdinak jarri ditu, hori azaltzeko, jaialdiaren zuzendariak: “Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunea izango da. Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, jaialdiaren erdigunea. Kalekaiak, Panier orubean, gazteentzako pentsatutako ekintzat hartuko ditu”.

Horiez gain, Atseden irlan, Tekno Kaian, Ibaian eta Itsasargi Nagusian gozatu ahal izango dute jaialdiaz bertaratzen direnek. Aurtengo berrikuntza moduan, gainera, Gastrogunea izendatutako espazioa azpimarratu nahi izan du Tolosak: “Munduko usain eta zaporeak Xabier Olaskoaga plazan bilduko ditugu. Bertan izango dira gastronomiari lotutako hitzaldiak, dastaketak, tailerrak… ”.

Kontzertu berezi eta bakarrak

Agertoki nagusia Lehendakari Agirre plazan kokatuko den Itsasargi Nagusian egongo da. Musika izango da gune honetan protagonista; izan ere, oholtza gainean izango baitira, Nneka, Bebe, Esne Beltza edo 47Soul bezalako talde handiak.

Gainera, jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak, elkarlanean jarriko dira kolaborazio eta egonaldien bidez. “Atlantikaldiak kontzertu berezi eta bakarrak eskaintzen ditu ‘Itsas elkarrizketak’ kontzeptupean. Jaialdiaren zigilu bilakatu dugu egiteko modu hau” azaldu du jaialdiko zuzendariak. “Besteak beste, Manez eta kobreak Iparraldeko taldeak, Aiace eta Duo B.A.V.I. brasildarrekin egingo duen egonaldi artistikotik sortutako emaitza ikusteko aukera paregabea izango da ostegunean. Palestinatik etorritako 47Soul taldea, La Basu bizkaitarrarekin ariko da ostiralean”.

Formatu txikiko kontzertuetan ere islatu nahi izan dituzte artisten arteko ‘elkarrizketak’: “Keu Agirretxea ondarrutarrak eta Pablo Novoa galiziarrak jaialdirako espreski prestatutako emanaldia eskainiko dute Herriko plazan, ostiralean”.

No comments yet.

Utzi erantzuna