Herri Arte Eskolak bihar irekiko du 2024/2025 ikasturterako matrikulazio epea, eskaintza zabalarekin

Argazkian, Herri Arte Eskolako ikasleak eta Aitor Zorzano, Herri Arte Eskolaren lehendakaria

Herri Arte Eskolak 2024/2025 ikasturterako matrikulazio epea irekiko du bihartik, maiatzaren 1etik, aurrera. Azken hilabeteetan egindako lanaren ondoren, hezkuntza-eskaintza zabal eta erakargarri bat diseinatu dute, adin guztietako herritarrei zuzendua diziplina artistiko ezberdinetan.

Betiko espezialitateak alboratu gabe, bide berriak zabaltzen ari dira

Datorren ikasturtera begira, abian dituzten diziplina artistiko ezberdinetan espezialitate berriak zabalduko dira, hala nola idazketa sortzailea, podcast, rap-spoken-word, gidoigintza, argazkigintza/bideoa, marrazketa/komikia/animazioa, musikala, besteak beste. 50 aukera baino gehiago prest dituzte, aniztasuna oinarri, ikasle zein herritarrekin esperientzia berriak partekatu asmoz.

Aurreko urteetako arrakastarekin jarraituz, Hastapen Artistiko Multidiziplinarraren eskaintza mantenduko da 4-7 urte bitarteko gaztetxoentzat. Arte diziplina ezberdinetan murgiltzera gonbidatzen dituen ikasgai honek aukera paregabea eskaintzen du artearen munduarekin harremantzeko, antzerkia, musika, dantza, arte plastiko eta ikusizko arteen bidez, diziplina artistiko bakoitzeko irakasleen eskutik.

Adinari begiratu gabe, norbere grina artistikoa garatzeko sormen espazioak

Helduentzako eskaintzari dagokionean ere aurreko ikasturteetako ildoari eutsiz, 2024/2025 ikasturterako bide berriak zabaltzen jarraitzen dute, esate baterako, ikusle/entzule eskolak diziplina artistiko ezberdinetan, antzerki, dantza, musika eskaintza berezitua, nahiz ilustrazio/komiki/animazio, argazki- eta bideo ikasgaietan ere.

Adina edozein delarik ere, herritar guztientzat aukera artistiko aberasgarriak eskaintzeko espazioak sortzen dabiltza Herri Arte Eskolako arduradunak, norberaren gaitasun eta grina artistikoak garatzeko aukera izan dezaten.

Maiatzaren 1etik 12ra plaza eskaerak eta ekainaren 1etik 9ra matrikularen konfirmazioa

2024/2025 ikasturterako plaza eskaera maiatzaren 1etik 12ra irekiko da. Epe horretan, herritarrek plaza eskaera egin dezakete Herri Arte Eskolaren web orriaren bidez, bertan dago informazio guztia eskuragarri. Era berean, 7 urteko ikasleek beren diziplina artistiko gogokoena aukeratzeko aukera izango dute epe berdinean.

Eskaerak jaso ondoren, hauek aztertu, ahal den kasuetan ordutegiak aldatzeko aukerak eta epeak irekiko dira eta diziplina ezberdinetan dauden ordutegiak zehaztuko dira webgunearen bitartez.

Ekainaren 1etik 9ra, eskatzaileek posta elektroniko bat jasoko dute INIKA plataformaren bidez matrikula onartzeko aukerarekin, matrikula proposamenaren datu guztiekin (diziplina, ikasgaiak, egunak, ordutegia, prezioa).

Herritarren ahalmen ekonomikora egokitutako kuotak

Aurten ere herritarren ahalmen ekonomikoari egokitutako kuotak izango dira. Informazio guztia eskuragarri egongo da, bai Udalaren web orrian, bai eskolaren web orrian.

Kuotaren egokitzapena matrikula onartzen denean eskatu beharko da baliozkoa izan dadin. Zalantzarik izanez gero, jarri Herri Arte Eskolarekin harremanetan 943 449 633 telefono-zenbakian edota eskolako arreta bulegoan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera.

Herri Arte Eskola, gozamena eta sorkuntza uztartuz, herri komunitate aktibo eta ekintzailea osatzen!

Herri Arte Eskolatik diziplina artistiko ezberdinen arte-hezkuntza eskaintza ez ezik, udalerrian artearekiko zaletasuna duen komunitate bat osatzeko urratsak ematen jarraitu nahi dute, sormenerako espazioak eta sormenaz gozatzeko esperientziak sustatuz, artearekin konprometitua den komunitate zabala eraiki asmoz.

Asteko klaseez gain, antolatzen diren topaketek, irteerek, trukeek eta erakusketek artearekiko sentikorrak diren eta gure komunitatea aberasten duten herritarren belaunaldi bat sortzeko helburua dugu.

Finean, artea bizitzeko modu bat eskaini nahi dute, nork beretik eta elkarreraginean oinarritua.

Herri Arte Eskolaren hezkuntza-eskaintzari eta matrikulazio-prozesuari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, interesdunek web orria bisitatu edota eskolaren bulegoetara jo dezakete (Alfonso XI.aren kalea, 6, Errenteria).

Eguerdiko tartean ikastetxeetan bertan artera hurbiltzeko aukera

Aurten, bigarren aldiz, Herri Arte Eskola herriko ikastetxeetara gerturatuko da eguerdiko tartean. Izan ere, LH 3 eta LH 6 arteko ikasleek aukera izango dute haien ikastetxeetan bertan arte eskaintza gozatzeko eguerdiko tartean, astean bitan, Herri Arte Eskolako irakasleen eskutik. Talde horietan izena emateko epea aste honetan dago zabalik, eta ikastetxeetan bertan egin behar da.

Helduentzako ikusle/entzule eskolak

Prentsaurrekoan Herri Arte Eskolaren arduradunek adierazi dute pozik daudela helduentzako ikusle/entzule eskolek izan duten harrerarekin, eta horiek indartzen jarraitu nahi dutela. Ikusle edo entzule eskolak artera ikuslearen ikuspegitik hurbiltzeko taldeak direla adierazi dute, hainbat diziplenetan. Horrela, ikasle bakoitzak erabakitzen du zein diziplinan eman nahi duen izena, horren inguruko gai bat lantzen dute hiruhilekoan zehar astean behin egiten diren saioetan, eta gutxi gorabehera seigarren saioan irteera egiten dute ikastaroan zehar landutakoa zuzenean ikusteko. Ondoren, itxiera saio bat egiten dute. Adibide gisa, berriki Chillidaren lana landu duen talde bat egon da. Talde horretako kideek 5 saiotan bere lanari buruz ikasi dute eta seigarren saioan Chillida Lekura irteera egin dute ikasitakoa bertatik bertara ikusteko. Xedea da arteaz hobe eta gehiago gozatzeko gakoak ikastea.