Bidean Goaz

Errenteriako eta eskualdeko 350 agentek hartu dute parte Errenteriako Udal Gobernuak herriari Udal Plana aurkezteko Merkatuzar aretoan antolatutako ekitaldian. Goizeko 11:30ean hasi, eta ordubete pasatxo iraun duen aurkezpenean kolore eta izaera guztietako norbanako eta eragileak elkartu dira: politikoak, herrigintzakoak, hezkuntza eta euskarari lotuak, gazteak, enpresa eta finantza mundukoak nahiz eskualdeko eta Gipuzkoa mailako herri erakundeak. Ekitaldian Udal Gobernuko kide guztiek hartu dute hitza, baita oposizioko EAJ eta PP alderdietako ordezkariek ere.

Gobernu taldeko zinegotziek eta alkateak Udal Plana azaldu dute herritarren aurrean: “Herri Bizia etorkizunaren bidean” izango du izena, eta lau ardatz izango ditu: “Etorkizunaren bidean”, “Biziberritze ekonomikoaren bidean”, “Herri Biziaren bidean” eta “Bidearen bidean”. Horrekin batera, Udal Planaren jarraipenerako tresna izango den web orrialde hauxe aurkeztu dute.

Parte hartu duten guztiak bat etorri dira ekitaldiaren “arrakasta” onartzerakoan. Julen Mendoza alkateak azpimarratu duen moduan, “bizikidetzaren lorpena” izan da hainbeste jende desberdin bertan elkartu izana. Hizlariek euren lana amaituta, pintxo eta edari dastatzea izan da Merkatuzarren bertan, giro baikor eta atseginean.

Orain, bertaratukoek garbi utzi dutenez, bidea egiten hasteko garaia da. Goazen bada, bidean.