Inauterietako programazioa aurkeztu du Kultura Departamentuak

Errenteriako Kultura Departamentuak Inauterietako programa aurkeztu du, bere baitan Kaldereroak, Inauteriak eta gozo-eltze igandeko ospakizunak barneratzen dituena eta 2012ko otsailaren 11tik 26ra bitartean burutuko dena.

Programa hiru ataletan banatzen da:  kaldereroen kalejirak, (otsailaren 11 eta 12an);  inauteriak eta sardinaren ehorzketa (hilaren 16tik 21ra) eta gozo-eltze igandea, otsailaren 26an burutuko dena.

Kaldereroak bihar hasiko dira bere lapikoak astintzen. Larunbatean helduen bi konpartsa aterako dira kalejira egitera, goizez eta arratsaldez. Igande goizean berriz, haurrez osatutako konpartsaren txanda izango da, eguerdi aldera zaharren egoitzatik pasako dena.

Inauterietako asteburuan (hilaren 18 eta 19) guztira 813 partaidez osatutako bederatzi konpartsa aterako dira desfilea egitera. Hauetaz gain eskoletako konpartsak egongo dira, haur kopuru handi batekin, ostiral goizez eta arratsaldez desfilatuko dutenak.

KONPARTSAK GAIAK PARTEHARTZAILEAk 
Furius Pinocho 45
Kaos Burlesque 150
Odissey Africa Salvaje 65
Eureka Las Vegas 230
Alaia Safari Fotográfico 60
Telleri Carnaval de Venecia 100
Showtime Selva Amazónica 33
Showtime Selva Amazónica 33
Danza-rin Rafaela Carrá 50
Udal ludotekak Grafiteroak 80

 

Konpartsen aurkezpena otsailaren 17an izango da udal polikiroldegian, arratsaldeko 19:30tan. Polikiroldegian 1.200 pertsonentzako lekua egongo da, sarrerak Kultur Etxearen lehiatilan salduko dira euro bateko presioan eta pertsona bakoitzak gehienez hiru sarrera erosi ahal izango ditu. Otsailaren 14 eta 15 izango dira sarrerak erosteko datak.

Eltze-igandean, hilaren 26an“Iñudeak eta Artzaiak” konpartsak (Orereta Ikastolak antolatutakoa) desfilea egingo du herriko zentroko kaleetan zehar.

Haurrentzako programazioa

Txikienentzako espreski prestatutako hainbat ekimen ere izango dira: otsailaren 19an, igandea, 16:00tatik 19:00tara haur jaialdi bat ospatuko da Merkatuzarren 4 eta 12 bitarteko umeei zuzenduta. Ospakizun honetan ipuin kontalariak, txotxongiloak eta tailerak izango dira eta, bukatzeko, kalejira bat egingo dute.

Hurrengo egunean 11:00etatik 13:00ak arte makillaje tailer batetara azaltzeko aukera izango dute bi urtetik gorako umeek eta 16:00tatik 18:00tara bost urtetik gorako haurrei zuzendutako maskara tailerra zabalduta egongo da. Bi ekimenok Merkatuzarren burutuko dira eta bietan sarrera librea izango da.