Errenteriako Babes Zibilak Larrialdiak enpresak emandako anbulantzia jaso du

Larrialdiak enpresak bere zerbitzu-bizitza amaitu duen anbulantzia bat eman dio Errenteriako Babes Zibilari gaur.

Anbulantziaren harrera eguerdian gauzatu da Herriko Plazan burututako ekitaldi batetan. Bertan  Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Josu Martin Larrialdiak enpresako kidea eta Iñaki Jimenez Babes Zibileko ordezkaria izan dira zerbitzu honetako hainbat bolondresekin batera.

Jimenezek azaldu duenez, gaur egun Errenteriako Babes zibilak 4×4 auto bat eta motozikleta bat ditu. Furgoneta berria erabilgarria izango zaie beraz, batez ere pertsonak garraiatzeko, zortzi lagunentzako tokia baitu. Larrialdia enpresak, horrez gain, esku-ohe bat eta larrialdietan erabiltzeko materiala ere utzi die bolondresei.

Martinek, bere aldetik, Larrialdiak duen “funtzio soziala” azpimarratu du nahiz eta erakunde pribatua izan. Mendozak, berriz, Babes Zibilean Errenterian dabiltzan 35 bolondresek egiten duten lana nabarmendu du.

Argazkia: Errenteriako Hitza