Aurki amaituko du Errenteriako Hondakinen Batzordeak auzoetako bileren lehen fasea

Irudia034

Dagoeneko 12 bilera egin ditu Hondakinen Batzordeak Errenteriako auzo ezberdinetan. Atzokoan Olibet auzoan bildu ziren bertako bizilagunei hondakinen inguruan egindako hausnarketa azaltzeko. Gaurkoan, 19:30etan, Gaztaño auzoko Bukagaitz Auzo Elkartean elkartuko dira.

Saioak urtarrilaren 30ean amaituko baziren ere, auzoetako beharrei erantzun asmoz, otsailaren 5ean azken bilera bat antolatu dute Igantzi kalearen inguruan bizi diren herritarrei zuzenduta. Saioa, Ganbo plazan kokatutako Auzo Elkartearen egoitzan izango da, arratsaldeko 7:30etan.

Herritarrekin informazioa partekatu eta ekarpenak jasotzeko buruturiko lehen fase honetatik ondorioak atera eta balorazio orokor bat egiteko, urtarrilaren 31ean, 19:00etan, Merkatuzarreko gela balioanitzean, bilera izango du Hondakinen Batzordeak. Lan-taldeak gogoratzen du bere bilerak irekiak direla eta interesa duen orori gonbidatua dagoela bertan parte hartzera.

Bilera hauetan parte hartzeko aukerarik izan ez dutenek edo prozesuari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, Hondakinen Batzordeari e-postara (hondakinakIAK@googlegroups.com) edo udaletxeko Mendi eta Ingurumen Sailera zuzen daitezke.