Oiartzun ibaiko habitata berreskuratzeko eta uholdeak ekiditeko lanak egin dira

oiartzun ibaiaBiodibertsitate-arloaren inguruan legegintzaldi honetan hasitako ekintzei jarraipena emanez, Foru Aldundiaren Fauna eta Flora Baso-zerbitzuak Errenteriako Udalarekin elkarlanean, eta URA uraren euskal agentziak ikuskatuta, hainbat ekintza burutu dira Oiartzun ibaiko habitata berreskuratu eta ibai-arroan uholdeak ekiditeko.

Ingurumena berreskuratzeko hainbat flora-mota exotiko desegiteko lanak egin dira: akazia faltsuak, itzaleko platanoak, hainbat kañabera-mota…. Izan ere, aspaldidanik Gabierrota eta Fanderiako ibai-ertzak estaltzen ari baitziren. Aldundiak, gainera, flora exotiko hau zegoen lekuan bertako 2.000 landare ipini ditu ibai-ertz horretan: haltza, lizarra, zume, haritza…

Uholdeak ekiditeko, berriz, Oiartzun ibaiak Lartzabal, Gabierrota eta Fanderia auzoak zeharkatzen duen zatian zeuden zenbait zuhaitz kendu dira. Azken urteotan Oiartzun ibai-arroan buruturiko politikarekin, ahalik eta gehien gutxitu nahi izan da uholdeen eragina, eta horregatik, hain zuzen ere, debekatu zuten 2002az geroztik herri-lurretan egurraren landaketa komertziala egitea. Honekin, pinudietako matarrasak saihestu nahi izan dira eta hainbat lur-eremu soildu eta higatuta ez gelditzea; izan ere, oihan natural helduek urari eusteko ahalmen gehiago baitute.

Datorren hilabetetan Aldundiak landare exotikoak desegiteko lanak errematatuko ditu tratamendu kimiko berezi batekin, nahi ez diren espezieak erabat suntsituta geratuko direla bermatuz. Aipatzekoa da duela urte batzuk desagerrarazi zirela eremu honetatik koipuak, Lapurdi eta Gipuzkoako ibai-arro bazterrak inbaditzen dituen ugaztun hego-amerikarra, eta bertako espezie eta nekazaritzari kaltea eragiten diona. Hala ere, Oiartzun ibaian badago, oraindik, desegin beharreko bestelako espezie exotikorik, esaterako, Floridako dortoka eta zamo txiki edo arrai gorria.

Lan hauek guztiak Oiartzun ibaia ekologia aldetik birsortzeko xedearekin egiten ari dira, eta jada itzuli dira bertara korkoina, platuxa, lupia, amuarraina, izokin atlantiarra, edo ureko oiloa, kaio lepagorria eta martin arrantzalea. Hauez gain, neguan hainbat espezie migratzaileek ere bisitatzen dute ingurune hau, besteak beste, lertxun hauskarak, lertxuntxo txikiak edota ubarroi mottodunak.

Lan hauek burutzeko Oiartzabal Basolanak, S.L. enpresa kontratatu da, eta 10.000 euro inbertituko dituzte.