Listorreta Atsedengunearen denboraldia zabalduko dute bihar

Listorreta atsedengunea

Bihar, ekainaren 1, jarriko dute abian Listorreta-Barrengoloia Atsedengunearen denboraldi berria, urriaren 13ra arte mantenduko dena. Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak azpimarratu du “aurten hondakinen kudeaketan eta edukiontzien erabilera egokian indar berezia” jarriko dutela.

Iaz bezala aurten ere, papera, plastikoak eta beira birziklatzeko edukiontziak jarri dituzte San Marko Mankomunitatearekin elkarlanean eta edukiontzi bakoitzean zer sartu behar den adierazten duen liburuxka bat ere argitaratu dute. Ferradasek argi utzi nahi izan du lortu beharreko helburua “hondakinek ingurumenean sortzen duten eragina saihestea eta euren kudeaketa egokia egitea” dela.

Ekimen honetan Listorretako kantinak ere hartuko du parte. Hau horrela, behin eta berriz erabil daitekeen ontziteria bakarrik erabiliko dute bertan, plastikozko edalontzi eta tresnak banatzeari utziz.

Trafikoari ere arreta berezia 

Udaltzaingoak aparkalekuen erabilera egokia zainduko du, bigarren lerroan utzitako ibilgailuak eta zerbitzuetarako  bereziki gordeta dauden lekuetan aparkatzea ekiditeko. Zenbait zona konkretuetarako sarbidea ez blokeatzea ere begiratuko dute.

Gidatutako bisitak

Aurten ere bisitariek Barrengoloiako informazio bulegora jotzeko aukera izango dute. Bertan udal enplegu planaren baitan kontratatutako bi teknikari arituko dira lanean erabilera publikoari, trafikoari eta ingurumenaren kontserbazioari dagozkion arauak betetzen direla ziurtatzeko eta baita bertaratzen direnei informazioa eman eta harrera egiteko.

Bulegoa 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte egongo da zabalik ostiraletan. Larunbata, igande eta jaiegunetan, berriz, 9:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Ordutegi honekin nabarmen luzatu dute iaz eskaintzen zutena.

Gainera, bulego honetan Listorretan, natura-parkean eta Añarbe gunean zehar gidatutako bisitak egiteko aukera eskeiniko dute. Añarbek natura-erreserba izendapena lortu dezakete laster.

Bisitak igande eta jaiegunetan eskainiko dira 2 euroen truke; 7 eta 17 urte bitarteko gazteek euro baten truke egin ahal izango dituzte eta 7 urtetik beherakoentzat doan izango dira.