Zabortegiaren itxiera prozesua azaldu zuen atzo Mendozak

IMG_0945_800x600Atzo, arratsaldeko 19:30ean, Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Jorge Romea Madrideko Rivas-Vaciamadrid herriko Ingurumen arduradunak zabortegien itxieraren gaineko hitzaldia egin zuten Beraungo Koldo Mitxelena Institutuan.

Hasteko, pasa den astean iragarritako moduan, Errenteriako Udalak San Markoko Zabortegiaren itxieraren bigarren faseari dagozkion obrak hasteko baimena emana duela gogorazazi zien Mendozak bertaratutakoei.

Obrak hiru etapatan banatuko dira eta bakoitzaren xehetasunak azaldu ondoren, lanek eragingo dituzten lur mugimenduek, ezinbestean, usain txarrak sortuko dituztela ere argitu nahi izan zuen alkateak.

Romeari hitza eman aurretik, Rivas-Vaciamadrideko zabortegiaren itxiera eredugarria izan zelako gonbidatu dutela azaldu zuen Mendozak.

Ezer baino lehen, Romeak Errenteria eta Riva-Vaciamadrideko errealitateak oso ezberdinak direla azpimarratu nahi izan zuen: “72 hektareatako zabortegia lurrazpian gordeta genuen guk eta 1995ean metroa egiteko lanak hasi ziren arte inork ez zuen horren berri. Errenteriar guztiek, ordea, ezagutzen duzue San Marko”.

Romeak Madrideko zabortegi handienaren itxiera eta zigilatze prozesua, urratsez urrats azaldu zuen eta egun, garai batean zaborra zegoen lurren gainean auditorio bat, azoka-barruti bat eta parke bat daudela adierazi zuen.

Bukatzeko, zabortegiak hartzen dituen lurretan Lau Haizeta parkea egingo dela esan zuen Mendozak: “parkearen proiektua zaharra da eta horregatik ari gara Donostia eta Astigarragako Udalekin batera berriro aztertzen, gaur egungo beharretara egokitzeko”. Udalerri hauei ere eragiten die egitasmoak.