Jai Batzordeak herri bazkarian parte hartzera deitu nahi ditu herritarrak

Jai Batzordeko kideak gogoz eta ilusioz ari dira ekimen guztiak prestatzen eta Madalenei hasiera ona emateko asmoz 21ean herri bazkaria antolatu du Merkatuzarreko plazan: “nork bere egitekoan hasi aurretik elkarrekin bazkaldu eta topa egingo dugu”.

Bazkaldu ondoren, mahai-lagun guztiak txupinazora joango dira elkarrekin eta herriko kaleak “kolorez, bizitasunez, elkarlanaz eta errespetuz” beteko dituzte.

Honekin batera, batzordeak dei berezia zabaldu nahi du aurtengoan txupinazoa ere eredugarri izan dadin: “ospa dezagun jai hasiera errespetuz eta joka dezagun gizalegez”.

Bazkariaz gozatzeko txartelak zapi gisa emango dira eta 17 euroan eskuratu ahal izango dira. Guztira 300 jarriko dituzte salgai Arkaitza tabernan eta baita Foru plazako, Morrongiletako, Zumardiko, Iztietako eta Beraungo kioskoetan ere.

Zapiak astelehenean jarriko dira salmentan eta erosteko azken eguna uztailaren 16a izango da.