Euskararen aldeko herri-lasterketa antolatu nahi du Gure esku taldeak

Euskaraz bizi nahi dutAurten bigarren aldiz antolatuko ditu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herri-lasterketak “Euskaraz bizi nahi dut” egitasmoaren barnean eta  Gure esku taldeari luzatu dio Errenterian lasterketa prestatzearen gonbitea.

Gure esku taldeko kideek adierazi dutenez, ilusioz heldu diote antolaketari eta jada, kirol elkarteetan ardura duten pertsonekin eta kirolarekin zerikusia dutenekin ere hitz egin dute lehen lanak bideratzeko: “Jai handia antolatu nahi dugu herrian euskararen normalizazio eta erabileraren alde, eta horretarako kirola eta kultura elkartu nahi ditugu gizarte, kultur eta kirol eragileekin”.

Herri-lasterketa gauzatu ahal izateko, hala ere, proiektuan aktiboki parte hartuko duten pertsona gehiagoren laguntza  behar duela azaldu dute Gure eskukoek. Horregatik,  uztailaren 16an arratsaldeko 19:00etan Lau Haizetara Elkartearen egoitzan egingo duten “ideia zaparradan” parte hartzera deitu nahi dituzte herritarrak.

III. Juntaizoa

Bestalde, taldea oso pozik agertu da III. Juntaizoan bildutako jende kopuruarekin: “jende gazte ugari bertaratu zen, proiektuak hasieratik izan duen belaunaldien arteko topagune izatearen bokazioari erantzunez”. Hori dela era, eskerrak eman nahi dizkiete proiektuan parte hartu duten pertsona guztiei.