Txupinazo garbi baten aldeko deia egin du Jai Batzordeak

Jai BatzordeaBigarren urtez aritu da Jai Batzordea Madalenak antolatzeko lanean. Ilusio handiz aritu dira eta adin guztietarako hamaika ekimen prestatu dituzte herritar guztiek “ongi pasa” dezaten.

Atzo egin zuen batzordeak Madalenak aurreko azken bilera. Festak iraungo duten egunetarako eginkizunak banatzeaz gain, hainbat mezu zabaldu  nahi izan zieten herritarrei. Izan ere, euren hitzetan “herritik herriarentzat sortutako jaiak izango dira aurtengoak”.

Besteak beste, txupinazo garbi baten aldeko deia egin zuten: “txupinazoan ez dugu ez irinik, ketchupik, ezta arrautzik nahi. Hain hunkigarri eta maitea den txupinazoa zaindu eta denontzat gozagarri izan dadin nahi dugu. Joka dezagun guztiok arduraz eta txukun”.

Honez gain, jai koloretsuak bultzatu nahi ditu batzordeak, errespetua, begirunea eta berdintasuna eskatuz: “jokaera baztertzailea gaitzesten dugu, jokaera xenofoboak, sexistak eta homofoboak”.

Elkarlanaren lehenengo topagunea uztailaren 21eko herri bazkaria izango da, 14:00ean, Merkatuzarreko plazan. Bertarako txartelak zapi gisa emango dituzte eta 17 euroan eskuratu ahal izango dira. Guztira 300 jarri dituzte salgai Arkaitza eta Reyna tabernetan, Foru plazako, Morrongiletako, Zumardiko eta Iztietako kioskoetan eta baita Beraungo auzo elkartean ere.

Zapia erosteko azken eguna uztailaren 16a izango da.