Moldaketak egongo dira trafikoari dagokionean Madalenetan

Biteri kaleaOhikoa denez, Madalenei begira, aldaketak egongo dira Errenterian trafikoari dagokionean. Hau horrela, Udatzaingoak hartutako neurrien berri eman nahi die herritarrei.

Trafiko mozketak gaurtik, hilak19, hasiko dira. Erdialdeko jai eremuan egin dute mozketa, ohiko lekuetan: Maria Lezo eta Andoni Korta kaleen arteko bidegurutzean eta Biteri eta Segundo Izpizua kaleen arteko bidegurutzean.

Uztailaren 20an, larunbata, 06:30ean, Nafarroa hiribideko tartea gehituko zaio mozketari, Galizia biribilgunea eta Santa Klara plazako biribilgune artekoa.

Uztailaren 25ean, ostegunean, berriz ere, irekiko dute erdialdeko jai eremuan trafikoa 02:00ak inguruan eta Nafarroa hiribideko tartean 12:00ak aldera, egin beharreko garbiketa lanen arabera.

Garraio publikoari dagokionean, hiriarteko bus garraioak jaietan zehar Zumardiko eta Matxaingo geltokiak kenduko ditu. Hortaz, Iztieta auzoko Nafarroa hiribideko geltokian soilik geldituko da autobus garraioa.

Horrez gain, bihar, uztailaren 20an Morrongilleta kaleko geltokia Tulle kalera eramango dute. Taxi geltokian ere egongo da aldaketarik: uztailaren 20, 21, 22, 23 eta 24an, 22:00etatik 06:00etara, Nafarroa hiribidean 21 zenbakiaren aurrean jarriko dute.

Bestetik, jaiek dirauten egunetan, hau da, hilaren 20ko 06:00etatik uztailaren 26ko 09:00ak arte, bertan beherera geratuko da TAO trafiko eta aparkamenduaren ordenamendu zerbitzua.

Gainera, Telleri-alde eskolaren laguntzari esker eskolako kirol gunea aparkaleku gisa prestatu dute. Larunbatean hasiko da funtzionatzen hori, 18:30ean. Hilaren 25ean, osteguna, 23:00ak inguruan aparkalekua itxiko dute eta ordu horretatik aurrera bertan aparkaturiko ibilgailuak garabiak eramango ditu.

Bestalde, Jose Migel Barandiaran aparkalekuaren zati bat itxiko dute uztailaren 23an, 10:00etatik 20:00etara, Madalena Sari Nagusia Idi Dema egin dezaten.

Hilaren 24tik 25era bitarteko goizaldean, 23:00ak eta 06:00ak artean, Photocall desfilea izango dela-eta Tulle eta Juan Olazabal kaleetan trafiko arazoak izango direla aurreikusten du Trafiko Departamentuak.

Aldaketa hauek direla eta, beraz, Udaltzaingoak Erdialdeko sarbideak saihestea eta N-1 saihesbidea, Versalles, Beraun, Txirrita Maleo eta Iriburuberriko sarbideak, etab. bestelako bideak erabiltzea gomendatu nahi du.

Oinezkoentzako gunean garajeak dituzten partikularrei ere horietara sartu ahal izateko baimena izan beharko dutela gogorarazi nahi diete. Baimena Udaltzaingoaren lokaletan jaso beharko dute.

Herriko jaiek ekartzen dituzten moldaketa hauek ulertzeagatik Udaltzaingoak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, aldez aurretik, eta bide batez, jai zoriontsuak opa nahi dizkie guztiei.