Kaputxinoetako igerilekuen denboraldia irailaren 15a arte luzatu du Udalak

kirolkide

Udal Kirol Patronatuaren eta Errenteriako Udalaren kontroletik kanpoko arrazoiak medio, Kaputxinoetako Udal Igerilekuen irekiera egun batzuk atzeratu zen uztailean. Hala azaldu zuten Julen Mendoza alkateak, Luisma Diez Hirigintza zinegotziak eta Unai Unsuain Kirol zinegotziak gai honen inguruan herritarrei azalpenak emateko xedearekin, Udalak uztailaren 11n Beraun Berri ikastetxean antolatutako bileran.

Bertaratutako bizilagunek beste hainbat proposamenen artean, irailean igerilekuen itxiera data atzeratzeko eskatu zieten udal ordezkariei. Auzotarren eskaera hau aintzat hartuz, eta irekieraren atzerapenak sortu zituen eragozpenak konpentsatzeko asmoz, Errenteriako Udal Kirol Patronatuak herritarrei jakinarazi nahi die Kaputxinoetako igerilekuak irailaren 15a arte egongo direla irekita, ohiko ordutegian, hau da 11:00etatik 21:00etara.