Comete sarearen ibilaldia egingo du Urdaburuk asteburuan

urdaburu

Datozen irailaren 14 eta 15ean Urdaburu Mendizale Elkarteak ibilaldi bat antolatu du Comete Sareko ibiltariekin, Bigarren Mundu Gerratean iheslariek eta sareko partaideek jarraitzen zuten bidea eginez, Ziburutik Errenteriara Bidasoa Ibaia gurutzatuz.

Larunbatean Errenteriako Panier zubitik Sokoarantz abiatuko da autobusa 8:15ean. Parte-hartzaileak Sokoa-Ziburuko hilerrian elkartuko dira 9:00etan eta lore-eskaintza egingo dute Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxearen hilobietan. Jarraian Ziburuko udalak gosaria eskainiko die ibiltariei. Ibilaldiari 10:30ean emango diote hasiera, Urruñarantz abiatuz. Iritsitakoan, 12:00etan ekitaldia izango da Urruñako hildakoen monumentuaren aurrean.

Ondoren, Bidegain-Berri baserrirantz abiatuko dira. Bertan atxilotu zituzten Frantxia Usandizaga, Dedée de Jongh eta Juan Larburu. Segidan Bidasoarako bidea hartuko dute eta Kalbarioko tontorrera iristean otordua egingo dute. Handik, adineko ibiltariak autobusez eramango dituzte San Migelera. Han Bidasoa gurutzatu eta sardira jatea egingo dute. 18:00etan Donibane Lohitzunera eta Errenteriara itzuliko dira parte-hartzaileak.

Igandean ere, Errenteriako Panier zubitik abiatuko da autobusa 7:30ean. Ordu berean Donibane Lohitzuneko autobusen geltokitik abiatuko dira bertan gaua igaro dutenak.  8:00etan, ibiltariak Bidasoatik irten eta Oiartzungo Sarobe baserri aldera abiatuko dira mendiz, bertara iristen baitziren Bidasoa gurutzatzen zuten abiadoreak. Baserrian bertan elkarretaratze eta atseden txiki bat egingo dute 13:00etan. 15:00etan bazkaria izan go da parte-hartzaile guztientzat Errenteriko Beraun Berri Elkartean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, izena egun bakarrerako edo bi egunetarako eman daiteke. Larunbateko ibilaldiak 15 euroko prezioa du eta hamaiketakoa, sardina jatea eta autobusez itzulera barne hartzen ditu. Igandeko aukerak, gosaria, bazkaria eta autobusez itzulera barne, 35 euroko prezioa du eta bi egunetako ibilbide oso egin nahi dutenek, 50 euroren truke egin ahal izango dute.

Interesdunek Urdaburu Elkarteak Juan de Olazabal kaleko 23. zenbakian duen egoitzara jo beharko dute izena ematera astearte edo ostegunean 19:00etatik 21:30era edo 943 527879 telefono zenbakira deitu, ordutegi berean.