Ikasturte berria estreinatu dute udal Ludoteka eta Gaztelekuek

Agustinetako ludotekaUdako oporraldiaren ostean, Errenteriako Udal Ludoteka eta Gaztelekuek hasierari emango diote ikasturte berriari. Ikasturtean zehar, ekintza eta jarduera programa zabal baten bitartez, hezkuntza arloko helburu ugari landuko dute.

Ludotekak gaur bertan, hilak 16,  irekiko dituzte eta Lehen Hezkuntzako ikasleei daude zuzenduta; hau da, LH 1 eta 6 maila bitarteko ikasle guztiei. Bertan, tailerrak, mahai jokoak edota  joko gidatuak lantzeaz gain, mailegu zerbitzua erabiltzeko aukera ere izango dute bazkideek.

Izen-ematea edozein ludotekatan egin dezakete interesdunek, Gabierrotakoan, Markolakoan, Agustinetakoan, Kaputxinoetakoan, Beraungoan nahiz Erdigunekoan eta ikasturte osorako ordaindu beharreko kuota 40 eurokoa izango da. Familia ugariek %50eko hobaria izango dute eta seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen duten familiek, berriz, %20ko hobaria. Matrikula hiruhilabeterako eginez gero, kuota 20 eurokoa izango da eta aplikatuko diren hobariak berak.

Ludoteken ordutegia  17:30etik 19:30era da astelehenetik ostiralera.

Gaztelekuek berriz, asteazkenean, hilak 18, zabalduko dituzte ateak. Hauetan, 12-13 urtetik gorako gazteei zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte.

Kasu honetan, eskaintzen duten zerbitzua doakoa da; hala ere, ezinbestekoa da izena ematea Gabierrota eta Beraungo Gaztelekuetan bertan. Euren ordutegia 17:30etik 20:30era da asteazkenetik larunbatera.

Informazio gehiago nahi duenak Merkatuzarren kokatzen den Udal Gazte Informazio Bulegora jo dezake.