“II Txirrinda Ibilaldia” antolatu dute Mugikortasunaren Astearen barruan

Europar Mugikortasun AsteaEuropar Mugikortasunaren Astearen barruan, Errenteriako Udal Kirol Patronatuak “II Txirrinda Ibilaldia” antolatu du bigarren urtez jarraian. Ibilaldia irailaren 21ean, larunbatean, izango da eta herri barneko errepideetatik egingo den martxa kontrolatua izango da.

Antolatzaileek adinaren arabera banatu dituzte irteera ordutegiak: benjaminak, hau da, 2004 eta 2005 urteetan jaioak 11:15ean irtengo dira eta alebinak eta hortik gorakoak 12:15ean. Martxak ordu erdi inguruko iraupena izango du eta irteera eta helmuga, biak,  Biteri kalean izango ditu.

Udal Kirol Patronatutik parte hartzeko gonbidapena egin nahi diete Oarsoaldeko ikastetxe guztiei jarduera honekin bat egin dezaten: “ikasleak zein gurasoak eta herritarrak oro har gonbidatu nahi ditugu ikasleekin batera martxan parte har dezaten”.

“II Txirrinda Ibilaldia” honetan parte hartzea doakoa da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hori bai, derrigorrezkoa da kaskoa erabiltzea.

Europar Mugikortasunaren Astea

Aurtengoan irailaren 16tik 22ra ari dira ospatzen Europar Batasuneko herrialde guztiak Mugikortasunaren Astea, Mugi zaitez aire garbiago baten alde! lelopean. Kanpaina honekin garraioak airearen kalitatean duen eraginaz gogoeta bultzatu nahi dute herritarren artean.

Europar Batasunetik azaldu dutenez, datuak argiak dira: “hiri garbienak hiri osasungarrienak dira. Zikinkeriarik gabeko aireak bizitza luzeagoa izateko aukera ematen digu eta murriztu egiten du arnasketa osasun arazoak eta kardiobaskularrak izatea. Baina gizakien osasuna ez da kaltetzen den bakarra. Airearen kutsadurak ingurumena ere kaltetzen du, azidifikazioa, bioaniztasun galera, ozono geruzaren murrizketa eta klima aldaketa ekarriz”.