Udal Ludoteka eta Gaztelekuek elkartasun azoka antolatu dute Benin herrialdearen alde

Benin 2Hondarribiko Saindua Gaztelekuarekin batera, ekimen solidarioa abian jarri dute Udal Ludoteka eta Gaztelekuek: elkartasun azoka prestatu dute Afrikako Benin herrialdearen alde. Errenterian abenduaren 28an izango da hori, 10:30etik 13:30era, Merkatuzarreko plazan, Topo geltokiaren parean.

Unai Unsuain Gazteria zinegotziak adierazi duenez, ekintza komunitario honek elkartasuna eta talde lana sustatzea du helburu eta, aldi berean, Afrikako Benin herrialdeko harrera-etxe batek bizi duen egoera eman nahi du aditzera. “Benineko haurrek eta gazteen errealitatea, egunerokotasuna, ametsak eta egiten duten lana ezagutzeko aukera emango du” esan du.

Horrez gain, eta harrera-etxe hori dinamizatzen laguntzeko dirua bildu nahian, erabilitako artikuluak jaso eta bilduko dituzte ondoren, bai Errenterian eta baita Hondarribian ere egingo dituzten azoka solidarioetan salgai jartzeko, Gaztelekuetan bertan gazteak egiten ari diren eskulanekin batera.

Gabierrota eta Beraungo Gaztelekuetan bilduko dituzte artikuluak, asteazkenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era eta baita Merkatuzarreko Gazte Informazio Bulegoan astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Zinegotziak azaldu duenez, ez dute dirurik ezta elikagairik ere jasoko.

 Ludoteketan ere

Udal Ludoteketako haurrak ere biziki ari dira parte hartzen proiektuan eta horretarako hainbat ekintza burutzen ari dira: bi herrialdeetako haurren arteko harremanak ezarri dira eta, Klariona izeneko programaren baitan, klarionak egiten ari dira Ludoteketan bertan. Programa horren helburua da txikieneen artean klarionaren erabilera sustatzea, Benineko haurrentzat ezinbesteko tresna dela eredu hartuta.

Unsuainek herritar guztiak animatu nahi ditu ekimen solidario honetan parte hartzera. Bai merkaturako artikulu erabiliak emanez, bai abenduaren 28ko azokara hurbildu eta bertan erosketak eginez. Gainera, ekimen honetan laguntzen duten guztiek Eskulagunak izeneko eskumuturreko edo pultsera bat jasoko dute opari gisa; hain zuzen ere, herriko gazteek ekimen horretarako bereziki egin dituzten pultseretako bat.

 

Informazio gehiago nahi dutenak Errenteriako Gazte Informazio Bulegora joan daitezke