Zaborren kudeaketaz aritzeko mahaia deitu du Udalak astelehenerako

Zabor bilketaUdal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak eta Ingurumen Aholku Kontseiluaren Hondakinen Taldea bilduko dituen mahaia deitu Udalak. Asmoa da hondakinen kudeaketari dagokionean, ahalik eta akordio zabalenak lortzea, eta horretarako, lehen bilera, datorren astelehenean, hilak 16, egingo dute, 19:30ean, Udaletxean.

Hondakinen Taldeak Errenterian hondakinak biltzeko sistema hobetzeko proposamena aurkeztu zuen ekainean eta horrexegatik da egokia eta beharrezkoa Udalarentzat, talde horren partaideak ere akordiorako eta kontsentsurako gunea topatzeko antolatu duten mahaian egotea. Bide horretan, gainera, Udalak apustua egin nahi du hondakinen gaia banaketarako eta konfrontaziorako osagarria izan ez dadin.

Bilkuran herri mailan zaborrak biltzeari begira etorkizunerako jarriko diren helburuak izango dituzte mintzagai. Honekin batera, birziklatzea, berrerabiltzea, konpostajea edo kontzientziatze kanpainen gainean ere ariko dira. Gainera, herrian sortzen den zaborra nola bildu beharko litzakeen ere jorratuko dute.