Gaztelekuek antolatutako bigarren eskuko merkatu solidarioa, larunbatean

Benin Merkatuaren Posterra _800x566Larunbatean, hilak 28, 10:30etik 13:30era, bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatuko dute Errenteriako Gaztelekuetako gazteek, Merkatuzarreko plazan. Ekimena Errenteriako Udal Ludoteka eta Gaztelekuen eta  Hondarribiako Saindua Gaztelekuaren elkarlanetik sortu da eta helburua Afrikako Benin herrialdeko harrera etxe baten dinamizazioan laguntzea da.

Azken asteotan, herritarrek emandako objektu erabiliak biltzen aritu dira gazteak eta dagoeneko,  jasotako artikuluak sailkatzen eta salmentarako egokitzena ari dira, larunbatean saltzeko. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez, herritarrek abenduaren 28a bitarte eraman ahalko dituzte artikuluak, goizez, Gazte Informazio Bulegora, dirua eta janaria izan ezik.

Azokan, bildutako objektuz gain, gazteek nahiz Ludotekako haurrek egindako eskulan ezberdinak salduko dituzte, Gabonetako kontsumismoaren irtenbide gisa eta Benineko Harrera Etxerako dirua lortzeko asmoz. Lortutako diruarekin, Notre Dame du Refuge etxeko haur eta gazteek, gau bateko irtenaldia egiteko dirua lortu nahi dute.