Hainbat erronka proposatu dituzte udal kirol instalazioetan

5505euErrenteriako Udal Kirol Patronatuak, Galtzarabordako eta Fanderiako kirol instalazioak kudeatzen dituen Serviocio enpresarekin batera, “Igerilekuko erronka” antolatuko du laugarrenez. Jarduera hori doakoa da Udal Kirol Patronatuan abonatuak dauden pertsona guztientzat.

Jardueraren helburua igeri egitera sarri joaten diren erabiltzaileei pizgarri txiki bat sortzea da, eta probak irauten duen bitartean ibilalditxo fiktizioa egin dezaten sustatzea.

Aurtengo ediziorako 5 erronka desberdin prestatu dituzte, hain zuzen ere, hainbat itsasarte eta lakuren distantzia geografikoei dagozkienak. Horietatik motzena Boniko itsasarteko distantzia egitearena izango da, 12.000 metro ingurukoa (480 luze, 7 luze eguneko). Zailtasun hurrenkeran hurrengoa Vattern lakua da, 32.000 metrokoa (1.280 luze, 17 luze eguneko). Zailtasun handiagoa nahi dutenentzat Torres itsasarteko distantzia prestatu dute, 50.000 metrokoa (2.000 luze, 27 luze eguneko). Laugarren erronkaren eskakizun maila altuagoa da, eta Dardanelos itsasarteari dagokio, 70.000 metro ingurukoa baita (2.800 luze, 37 luze eguneko). Zailtasun maila gorenaren bila ari direnak Bering itsasartearen distantziari heldu ahal izango diote, 85.000 metrokoa (3.400 luze, 45 luze eguneko).

Patronatutik adierazi dutenez, jardueraren funtzionamendua oso erraza da: “Igerilekuko erronkan” parte hartu nahi duen pertsonak izena eman beharko du soroslearen mailan, Errenterian dauden udal igerilekuetatik nahi duenean. Igeri egiten duen egun bakoitzean egindako distantzia jakinaraziko dio sorosleari, eta, era horretan, egindako metroen kontrola eta falta zaizkion metroen kontrola egingo dituzte”.

Erronka hasteko eguna gaur izango da, otsailaren 17, eta distantzia betetzeko azken eguna, berriz, apirilaren 11a. Igerilariek aukeratutako distantzia bukatzen saiatu besterik ez dute egin behar, ondoen datorkien egun eta ordutegiaren arabera.

Aurreko edizioan adin eta egoera fisiko desberdineko 200 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte. Aurten antolatzaileen helburua da parte-hartze kopuru hori handitzea.

Gimnasioan ere

Aurten, berrikuntza gisa, igerilekuan parte hartzeaz gain beste erronka batzuk egin ahal izango dira gimnasioan bertan egiteko.

Alde batetik, txirrindularitzako erronka bat eta beste alde batetik korrika egiteko erronka edo eliptikoa. Kasu honetan, aretoko begiraleari jakinarazi behar zaio egun horretan egindako kilometro kopurua.

Bi erronketan hauetan, beti hasiera Errenterian duen ibilbide bat simulatuko dute parte-hartzaileek  eta, egiten dituzten kilometroen arabera, erronka bat edo beste bat gaindituko dute. Instalaziotik kanpo egiten diren kilometroak ere kontatu daitezke.

Antolatzaileek ondorengo ibilbideak proposatu dituzte korrika egiteko: Errenteria – Dax (96 km), Errenteria – Bordele (234 km), Errenteria – Poitiers (455 km), Errenteria – Tours (577 km) eta Errenteria – Paris (812 km). Txirrinda gainean egiteko, berriz, Errenteria – Madril (460 km), Errenteria – Paris (812 km), Errenteria – Brusela (1.113 km), Errenteria – Amsterdam (1.310 km) eta Errenteria – Berlín (1.858 km).