Oarsoaldeko udalek Euskal Herria feminista eraikitzeko konpromisoa hartu dute

Oarsoaldeko ordezkariak martxoaren 8aren harira_800x533Oarsoaldeko lau udalak ordezkatuz, Amaia Agirregabiria, Garazi Lopez de Etxezarreta, Eider Mitxelena eta Ainhoa Zabalok martxoaren 8aren harira, jendarte parekidearen alde hartuta duten konpromisoa adierazi nahi izan dute.

Euren hitzetan, emakumeak orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari dira, “atzeraka goaz”. Lan-merkatuan emakumeak “gero eta biluziago” egotea ere salatu dute eta horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten diren etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen gain jarraitzen dutela gogorarazi dute.

Abortatzeko eskubidea aldarrikatu dute eta emakumeen askatasunaren eta aniztasunaren kontratako beste hainbat eraso ere aipatu dute. “Egoerak alarma guztiak piztera garamatza. Feministok urteetan aldarrikatutako eta borrokatutako helmuga gero eta urrunago dago. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako, baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako” esan dute.

Hala, 2014ko martxoaren 8aren harira, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalok Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazi dute: “Gure zeregina da mugimendu feministarekin batera orain arteko borroken lekukoa hartu eta eustea”.