Zazpi ikastetxek Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen dute

langaitz13

Errenterian 7 ikastetxe Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen dute: Kontsumo jasangarria gure herrian aurtengo lelopean.

Zenbat eta nolako janari, ura, energia, teknologia… kontsumitzen ditugu? Benetan pentsatzen al dugu zerbait erosi aurretik? Nola mugitzen gara?… Hauek eta beste hainbat galderen inguruan ari dira hausnarketa egiten aurtengoan Errenteriako neska-mutilak.

Errenteriako 7 ikastetxe, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxiler eta ziklo formatiboetan, Eskolako Agenda 21 programaren bidez, eskola eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua, eskola-komunitatea ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, herritar bezala partehartzea bultzatuz. Programa honen bultzatzaile Errenteriako Udala da, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak empresa kontratatuaren laguntzarekin.

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: kurrikuluma, kudeaketa eta parte-hartzea. Ikasturteko bigarren hiruhilekoan sartu garen honetan, ikastetxeak ekintza plana lantzen hasiak dira. Herri mailako partaidetza lantzeko, ekintza batzuk burutzen dituzte bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere, eta ondoren, lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkio Udalari, ikasturte bukaeran Alkatearekin burutuko den entzunaldian.

Datorren martxoaren 12an esaterako, goizeko 10:00etan Telleri-Alde ikastetxeko DBH-ko ikasleak Errenteriako azokan, betiko dendatan eta Niessenen dagoen Eroskian galdetegiak egiten arituko dira herritarren kontsumo ohiturak eta dendarien salmenta estrategiak ezagutu eta aztertzeko. Ostiralean berriz, Langaitz Ikastolako DBH-ko ikasleak izango ditugu lan hori egiten eta aipatzekoa da, Koldo Mitxelenako ikasleak ere ibili zirela herriko kaleetan barrena eta oso erantzun onak jaso zituztela langile eta erosleen aldetik.

Beraz, herriko ikasleak ari dira lanean, Errenteria geroz eta jasangarriagoa bilakatzen laguntzeko.