Estatuen esku-hartzea salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak

images

“Herritarrei dei egiten diegu, datorren astean, apirilaren 9an, euskararen normalizazioa helburu duten neurriak babesteko eta Estatuen esku-hartzea salatzeko egingo diren elkarretaratzeetan parte hartu dezaten”, azpimarratu dute Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilutik.

“Estatu espainiarreko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste 46 udalen aurka egin du azken hilabeteotan, hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan. Lehenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka egin zuen, 2009an hartutako erabakia, kontratazioetan hizkuntza-irizpideak jartzea, betetzen hasi zelako. Ondoren, UDALETIK programaren baitan erabaki berbera hartua zuten udalen aurka egin zuen, hauek hizkuntza-irizpideen inguruan adostutako erabakiaren kontra joz eta banan-banan salatuz”.

Era berean, hainbat udali (Eskoriatza, Pasaia, Ondarroa, Erandio…) indarrean dituzten euskara planak bidaltzeko eskatu die. Azkenik, hizkuntza-irizpideekin lotutako edozein erabaki jakinarazteko agindua eman die hainbat udalei.

“Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntza komunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak trabatzen dute. Ikusi besterik ez dago hizkuntzaren normalizazioari begirako erabaki ausartek zer-nolako debekuak izan dituzten” azpimarratu dute.

Gauzak horrela, Kontseiluak errekerimenduak jaso diren Udaletako herriko plazetan elkarretaratzeak deitu ditu.  Errenterian, apirilaren 9an, asteazkena, izango da, 19.30ean Herriko Plazan.