“Flores de la República. Los olvidados de Pikoketa” liburuaren aurkezpena egingo dute bihar Xenpelar Etxean

Bihar, hilak 3, “Flores de la República. Los olvidados de Pikoketa” liburua aurkeztuko dute 18:30ean Xepelar Etxean. Pikoketa Oarsoaldeko elkarte errepublikazaleak antolatutako ekitaldi honetan egongo da liburuaren egilea ere, Miguel Usabiaga arkitekto eta idazlea.

Liburuak, 1936eko abuztuaren 11ean jazotako gertakari lazgarriak biltzen ditu. Egun horretan Oiartzunen zeuden erreketeek herri horretako Pikoketa baserria hartu eta hogei miliziano preso egin, fusilatu eta ondoren hobi komun batean lurperatu zituzten. Hobi komun hori, 1978. urtean jakin zuten non zegoen. Urte hortatik aurrera, biktimen familiatekoak Pikoketan biltzen dira. Liburuaren autoreak ere ez du galtzen hitzordu hau, izan ere, osaba zuen bertan hil zuten horietako bat. Urteetako hitzordu horiek balio izan diete, bestalde, fusilatuak nortzuk ziren jakiteko, familiartekoen sufrimendua ezagutzeko…

Liburuak, hortaz, Pikoketan ZER gertatu zen eta NOLA kontatuko du, eta horretarako ahozko istorioak zein artxiboetako dokumentuak eta garaiko prentsak jasotako informazioa baliatu ditu autoreak.

Oarsoaldeko Pikoketa elkarte errepublikazaleko kideek gonbita egin dute aurkezpen ekitaldi honetara gerturatzeko.

pikoketa