Banden erakusleiho bihurtuko da Errenteria, larunbatean egingo den Alardean

Eskuinetik ezkerrera, Josu Mitxelena EMKEren lehendakaria, Alain Ayerdi EMKEren zuzendaria eta Julen Mendoza, Errenteriako alkatea.
Ezkerretik eskuinera, Josu Mitxelena EMKEren lehendakaria, Alain Ayerdi EMKEren zuzendaria eta Julen Mendoza, Errenteriako alkatea.

20 urtetan 5000 musikari. Zenbakiak, Errenteriako Musika Banden Alardearen tradizioaren eta bere erreferentzialtasunaren erakusle bihurtu dituzte ekitaldiaren antolatzaileek, Errenteriako Musika Kultur Elkarteko kideek (EMKE). Larunbat honetan, ospatuko dute, hain zuzen ere, 20. edizioa. Aurten berrikuntza gisa, egitaraua bitan zatitu eta egun guztian zehar beteko dute musikaz herria. Aurretik arratsaldez bakarrik burutzen zen baina haur eta gazteek parte hartzen dutenetik denbora espazio ezberdinak behar dituztela iritziz, modu horretan egitea erabaki dute.

Gauzak horrela, goizeko 11:45etatik aurrera Errenteria Musikaleko eta Hondarribiko Musika Eskolako gazteak ibiliko dira kalejiran parte-zaharreko kaleetan barrena. Kontzertua, berriz, Koldo Mitxelenako ikastetxean emango dute 12:30ean.

Arratsaldean, aldiz, nagusien txanda izango da. 19:00etan abiatuko dira hiru kalejiretan Trintxerpeko Illunbe, Altsasuko Haize Berriak eta Errenteriako EMKE bandak Alfontso XI.kaletik. Horiek horrela, alardeko hiru banda partaideak martxan hasten direnean alde zahar osoa musikaz eta musikoz betetzea da antolatzaileen helburua. Ondoren, 20:00etan kontzertu nagusiari ekingo diote Koldo Mitxelena ikastetxean. Musika Banda bakoitzak gehienez, 20 minutuko errepertorioa eskainiko du eta denak amaitzean, guztiak oholtzan elkartu eta azken bi piezak batera joko dituzte; “Uruñuelaren Martxa” eta “ Agur Jaunak” abestiak, hain zuzen ere.

Kontzertuen hurrenkerari dagokionez Trintxerpeko Illunbe hasiko da, ondoren, Altsasuko Haize Berriak bandakoek joko dute eta amaieran etxeko musikariek, EMKE-k. Errenteriarrek errepertorio itzela interpretatuko dutela nabarmendu dute EMKEko kideek, tartean, egongo dira nota askoko abestiak eta entzuleak Alemaniako zelaietara eramango dituen melodiak.

Koldo Mitxelena ikastetxera bueltan

Kontzertu nagusia Koldo Mitxelena ikastetxean eskainiz, euren jatorrira itzuliko dela adierazi dute. Arduradunek azaldu dutenez, bertan hasi baitzuen Errenteriako bandak bere ibilbidea eta oso gustura agertu dira, eguraldiaren menpe ez dagoen espazio eroso batean jotzeaz.

Julen Mendoza alkatea ere oso pozik agertu da alardeaz hitz egitean, EMKEren lana zoriondu du herriak horrelako banda batez gozatzeko aukera izanagatik eta baita bere bitartez, beste toki batzuetako taldeak entzuteko parada dutelako ere.

Ikusi kontzertuan eskainiko duten errepertorioa, esteka honetan klik eginda