Txupinazoa zuzenean Herri Bizian

txupinazoaBihar, uztailaren 21, Madalenei hasiera emango dien txupinazoa zuzenean emango dugu Herri Bizian.

18:30etatik aurrera http://herribizia.errenteria.eus/zuzenean/ estekan Herriko Plazan gertatzen ari dena zuzenean ikusteko aukera egongo da. Gainera, Zumardian jarritako pantaila erraldoiean ere jarraitu ahal izango da. Zuzeneko irudiez gain, ikusleek, Fomento Cultural elkartekoek omenduen inguruan egin duten bideo batez gozatzeko aukera ere izango dute. Hala, aurten Hibaika Arraun Elkarteari buruz egingo dute ikusentzunezkoa.

Ohikoa denez, Madalenetako omenduarena izango da txupinazoa botatzeko ohorea.

Gonbidatu bereziak izango dituzte aldamenean, gainera. Izan ere, aurten, Udalak herriko gazte elkarteei egin die txupinazoan udaletxean egoteko gonbidapena. Guztira, 11 elkarte gonbidatu ditu une hori gertutik bizitzeko, bakoitzetik bi ordezkari.

#Madalenak2015 sareetan

Halaber, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi duten errenteriarrei #Madalenak2015 traola erabiltzeko gonbita luzatzen die Udalak sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Festen kontakizun kolektiboa egin ahal izango dela adierazi dute, modu horretan.