Etxegabetzeei eta pobrezia energetikoari lotutako bulegoa jartzea aztertzen ari da Errenteriako Udala

imageEtxegabetze eta pobrezia energitekoari begira, herritarrentzat informazio zerbitzu bat jartzea aztertzen ari da Errenteriako Udala.

Nagore Basurto Gizarte Zerbitzuen zinegotziak adierazi duenez, krisia luzatzearen ondorioz eta horrek eragin duen lan munduaren prekarizazioak, erosteko ahalmenaren gutxitzeak eta langabezi tasaren igoerak, Errenterian euren oinarrizko beharrizanei aurre egin ezin izaterainoko muturreko egoerara iritsi diren pertsonak egotea eragin du (gasa, korronte elektrikoa…) Hain zuzen ere hori da, Udalak azken urteetan gizarte-larrialdiko laguntzak areagotzearen arrazoia.

Zinegotziak azaldu du, Udaletxea dela herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa eta hori dela eta krisiak sortzen dituen ondorio pertsonal eta sozialak egokien ezagutzen dituen insituzioa. Pertsonak babesteko pausuak ematen jarraitzea beharrezkoa dela adierazi du, nahiz eta jakitun izan esparru munizipaletik mugak eta zailtasunak daudela. Hau dela eta Udaletxeak helburu bezala jarri dio bere buruari herritarrentzat lagungarri izango den informazio zerbitzu publiko eta doakoa jartzea. Zerbitzu horretatik etxegabetze eta pobrezia energetikoen alorrean herritarrek jasan ditzaketen egoerei aurre hartzea, bitartekotza lanak egitea eta babesa ematea ahalbidetu nahi da.

Etxegabetzeei dagokionez orain arteko lanarekin jarraitu eta sakonduko da. Prebentzioa, banketxeekin bitartekari lanak egitea eta egoera larrienetan etxegabetzeen zorigaitzari aurre egin behar dioten pertsonak babestea bilatuko da.

Pobrezia energetikoari dagokionez Errenteriako Udalak informazio zerbitzu honetatik enpresa energetikoekiko bitartekari lanak egiteko mekanismoak martxan jartzea bilatzen du, herritarrek egoera ekonomiko larrien aurrean zerbitzua ordaindu ezin dutenerako. Modu honetara argia eta gas jarioaren etena ez gertatzea eta zorrak ordaintzeko bideak aurkitzea bilatuko du zerbitzu berri honek.

Zerbitzu honen nondik norakoak talde politiko eta eragile sozialekin kontrastatuko dira eta Nagore Basurtok adierazi duenez, zerbitzu honekin Errenteriako Udaletxeak beste pausu bat emango du azken urteetan eskubide ekonomiko eta sozialen politikak eragindako kaltetu zuzenenei babesa eta elkartasuna erakusteko orduan.