Berrikuntzekin dator XX.Errenteria film laburren jaialdia

Cano, Collar eta Sedeño gaurko aurkezpenean
Cano, Collar eta Sedeño gaurko aurkezpenean

Errenteriako film laburren jaialdiak 20 urte betetzen ditu aurten, eta “edizio borobil” honi erantzuteko hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte Leire Cano kultura teknikariak, Jonathan Sedeño OZ Zinema Elkarteko kideak eta Ion Collar kultura zinegotziak. Jaialdia azaroaren 12tik 15era bitarte ospatuko da. Eta ohikoak diren filmen proiekzio eta sari banaketa ekitaldiaz gain, solasaldi zikloa antolatu dute aurtengoan.

Antolatzaileak pozik agertu dira izandako erantzunarekin. Izan ere, guztira 253 lan aurkeztu dira, horietatik 204 fikziozkoak, 22 animaziozkoak eta 27 dokumentalak. Hizkuntzari dagokionez, berriz, gehienak gaztelaniaz egindakoak dira, 212, hain zuzen. Euskaraz, 18 eta gainerakoak beste hizkuntza batzuetan. Sedeñok beste datu esanguratsu bat azpimarratu nahi izan du, lan guztietatik 31 dira emakumeek zuzenduak, eta kopurua hazten ari bada ere, oraindik diferentzia oso nabaria da.

Collarrek aditzera eman duenez, epaimahaikide guztien iritziz aurkeztutako lanen kalitatea “primerakoa” da. Baina lehiaketa fasera iritsi direnak 26 dira, eta horien artean banatuko dira jokoan dauden 10 sariak. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean proiektatuko dituzte aukeratutako 26 lanak eta Gaztelekuetan sortutako lana ere. 19:30ean Niessen Zinemetan, emanaldi guztia horiek doakoak izango dira.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, igandean ospatuko da 18:00etan Niesseneko auditorioan. Bertan sariak banatzeaz gain, irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango da eta ondoren luntxa izango da. Gainera, euskal zinemagintzan garrantzitsua den pertsona bat omenduko dutela aurreratu dute gaurko aurkezpenean.

Zinema aretoetatik haratago

Jaialdiak zinema aretoetatik haratago espazio berriak hartzea bultzatu dute antolatzaileek. Eta horrela, Xera Gastroteka, Xenpelar etxea eta Limerick ere jaialdiaren lekuko izango dira. Hain zuzen, horietan egingo dira zinemagintza sektoreko adituekin solasaldiak. Guztira hiru egunetan lau solasaldi antolatu dituzte eta horietan ere sarrera doan izango dela eman dute jakitera. Emakumea zineman, euskarazko zinemagintza edota film laburren banaketa izango dituzte, besteak beste, hizketa-gai. Moderatzaile lanetan Sedeño bera arituko da.

Collarek aipatu du Udalak jaialdia “indartzeko” apustua egiten duela, sormena sustatzeko eta zinemagintzara gerturatzeko. Antolatzaileek herritar orori dei egin diete lau egun horietan zehar jaialdira gerturatu eta zinemaz gozatzera.

Egitarau osoa ezagutzeko edota informazio gehiagorako: film.errenteria.eus

[box]Solasaldiaen egitaraua:

Azaroak 12, osteguna

  • 18:00etan Xeran: “Emakumea zineman”
    • Marian Fernandez, Amama filmaren ekoizlea
    • Nuria Casal, zinemagilea
    • Fani Herrador, Amalatz talde feministako kidea

Azaroak 13, ostirala

  • 18:00etan Xenpelar etxean: “Euskarazko zinema”
    • Asier Altuna, zinema zuzendaria
    • Juanba Berasategi, zinema zuzendaria

Azaroak 14, larunbata

  • 12:00etan Limericken: “Film laburren banaketa”
    • Txema Muñoz, Kimuak-eko kidea
    • Aitor Arenas, Banatu-ko kidea
  • 18:00etan Xenpelar etxean: jaialdian partu hartu duten film laburren ordezkariekin mahai-ingurua

[/box]